Azaroaren 9an ekin zioten auzolanari, haurren egunarekin. Viana, Lodosa eta Tuterako ikastoletako haurrak bildu eta, Ablitasgo eskolako A eredukoekin batera, kartoiari kutxa-forma ematen aritu ziren. Ondoren, Errigorako partaide den Monasterio de Cascante gozotegira egin zuten bisita eta umeek txokolatezko gailetak egiteko aukera izan zuten. Larunbatean osatu dituzte saskiak.
Urriaren 25ean abiatu zuten Errigoraren 5. urteurreneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta azaroaren 14an bukatuko da. 200 herri baino gehiagotan, ehunka boluntario ari da asteotan informazioa zabaldu eta eskaerak jasotzen, auzolanean. Izan ere, auzolana da kanpaina honen oinarri nagusietakoa: horri esker da posible 50 euroren truke saskia jaso eta %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratzea.