Ordain kolektiboa eta sentsibilizazioa izanen ditu ardatz nagusi azaroaren 25aren bueltan gobernuak prestatu duen kanpainak. Kartelak, irudiak, bideoak eta gazteen topaketa bat antolatu ditu. Kanpaina horretan gogoan izan dute, 18 emakume erail dituztela azken 20 urteotan Nafarroan. Aurrera pausoak eman badira ere egoera horrekin amaitzeko, gauza aunitz egiteko dagoela ere nabarmendu dute.
Adierazpen instituzionala onartuko du gobernuak hilaren 21ean, elkarretaratzea ere eginen dute eta gobernuaren egoitzan oihal erraldoiak zintzilikatuko dituzte esku morearekin aldarrikapena egiteko. Bigarren aldiz gainera gazteen topaketa antolatu dute emakumeenganako indarkeriaren aurka. Atarrabian izanen da hilaren 17an, larunbatean alegia.
Babesarekin ia 900 emakume
Nafarroako poliziek zabaldu dituzten datuen arabera 890 emakume daude gurean nolabaiteko babesarekin. Horietatik bi emakume daude arrisku larrian, 30 arriskuan eta 138 arrisku txikian. Genero Indarkeriaren Jarraipena Egiten duen VioGen sistemak dituen datuen artean, 5.298 emakumek jasan dute tratu txarra 2007. urteaz geroztik.