Altsasuko auziaz hausnartzeko, jardunaldiak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 12a, 07:54

> Ostiralean eta larunbatean eginen dituzte, Iruñeko Katakrak liburu-dendan.
> Lau mahai-inguru antolatu dituzte: gazteena, gizarte eragileena, kazetariena, juristena eta Europako ikuspegia jorratuko duena.
> Larunbat arratsaldean, hilak 17, elkarretaratzea eginen dute.

Altsasukoak Aske herri asanbladak eta Altsasu Gurasoak-ek, hainbat kolektibo eta pertsonalitate esanguratsuekin batera, #AltsasukoakASKE jardunaldiak prestatu dituzte. “Esparru anitzeko sentsibilitate eta ideologia desberdinetako jendea” izanen da jardunaldietan parte hartuko duena. Eta guztiek “etorkizunari begira, bost ardatzen inguruko hausnarketa eta eztabaida-jardunaldietan parte hartuko dute”. 

Aipatu ekimena auzipetuetakoak atxilotu zituztela bi urte bete eta gero eginen da, Adurrek, Jokinek eta Oihanek espetxean 731 egun preso egin dituztenean eta Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 161 (eta beste 37 2016ko udazkenean). Gurasoen eledun Bel Pozuetak aurkezpenean esan duenez, “bi urte-kartzela, injustizia, lana eta borroka. Herri osoa gehiengo sozial batek lagundurik. Elkartasuna handia izan da, izugarria, eta eutsi beharra diogu lanari gure artean izan arte, justiziak etxeratu arte, etxean behar bailukete”.

Antolatzaileek jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena egitearekin batera, eskaera luzatu dute: “mobilizatzen jarraitu eta bide gogor honetan gurekin segitu, zuen elkartasunik gabe are gogorragoa izango zatekeen eta, dudarik gabe, izango litzatekeelako. Denon artean lortuko dugu”. 

Egitaraua 
Azaroak 16, ostirala 
Arratsaldez     
Gazte taldeek Altsasu auzia delakoa aztertuz eta etorkizunari begira, epe ertain eta luzera nola helduko diote, Katakraken. 
        
Gizarte-eragileen mahai-ingurua. Partaideek jendarteak auziari emandako erantzuna eta kaleetan dagoen sentsibilizazioa aztertuko dute, Katakraken. 

Azaroak 17, larunbata 
Goizean    
Jurista esanguratsuen auziari buruzko mahai-ingurua: hastapenak, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzearen ondorioak, irregulartasunak eta prebentzio-kartzelaren abusua. Jurista esanguratsuek hartuko dute parte. 
        
Kazetari ezagunek hedabideek auzia nola jorratu den eta horren guztiaren ondorioak aztertuko dituzte.

Arratsaldez     
Europan auzia nola lantzen ari den aztertuko dute.

Egitarau osagarria 
Hizlariak Katakraken dauden bitartean, Gaztelu plazak hainbat dinamika hartuko ditu ostiral arratsaldean eta larunbatean. Aurreratu dutenez, alde batetik, azkeneko bi urteetako informazio-gunea, materiala eta auzipetuen egoeraren inguruko perfomancea eginen da: ziega bat irudikatuko da eta, ordu erdiko egonaldiak antolatuz 12 orduz, hainbat pertsonek okupatuko dute. Guztira, 24 lagun sartuko dira ziegan, gure semeek eta lagunek daramaten adina hilabete. Bestetik, prozesuaren une garrantzitsuak jasotzen dituen erakusketa batek plazako kioskoa inguratuko du. Gainera, ostirala gauean, azkeneko bi urtetako irudien proiekzioa eta kontzertu bat izanen dira. Despeditzeko, larunbatean, 17:00etan, Gaztelu plazan elkarretaratzea eginen da, “injustizia salatu eta zazpi altsasuarrendako askatasuna eskatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!