Alde Zaharrean izan zen gertaera. Taberna bateko atezainak ez zion utzi bertara sartzen ijito bati. Salaketa jarri zuten berehala arrazakeria zantzua sumatu zutelako jarrera horretan. Justizia Auzitegiko epaileak ebatzi du orain joan den urtarrilean San gregori kaleko taberna hartan gertatutakoaren aurrean bertsio erabat desberdinak agertu dituztela. Guztiz koherentea izan zen akusatuaren esana. Akusazioak ezeztatu zituen erabat: sarbidea eragoztea ez zela arraza kontua izan baizik eta lokala betea zegoelako edo adinez txikiak zirelako. Salaketa jarri zuenaren hitzetan aldiz, kontraesanak sumatu ditu: ahozko lehen saioan adierazi zuen atezainak bularretik heldu ziola tabernatik ateratzeko eta epaiketan berriz, esan zuen, ijitoa ote zen galdetu ziola eta baiezkoaren ondoren tabernara sarbidea galarazi ziola.