Bidegabea da hipoteken zerga herritarrek ordaindu behar izatea eta ez bankuek. Hala erdietsi dute Hipotekek Kalteturikoen Plataformako kideek. Horregatik protesta eginen dute larunbatean Justizia Auzitegiaren aitzinean 12:00etan.
Hipoteken zergari buruzko lege propioa dauka Nafarroak, eta Espainiako Gorenaren epaiak ez du hari buruz ezer esan. Hala ere, derrigortasunik izan ez arren, Uxue Barkosen gobernuak legea aldatzeko asmoa agertu zuen Gorenaren erabakia jakitearekin batera, "gizartearen ustekabearekin eta ezinegonarekin bat egiteko". Laukoaren gobernuak babes zabala lortu nahi du parlamentuan hipoteken legea aldatzeko, eta badirudi lorgarria dela, zerga bankaren bizkar jartzearen alde agertu baitira PSN, UPN eta PP ere, nafarrak espainiarrekin «berdintzeko» argudioarekin.