Zazpi saio izanen ditu Bertsoaroak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 5a, 08:50

Bertso saioak, errezitaldiak, haurremntzako ekitaldi bat, zientzia eta rocka uztartuko dituen ekitaldia eta solasaldiak izanen dira 2018ko Bertsoaroan. Ostegunean izanen da lehena. 

Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta ariko dira ostegunean bertsotan Bertsoaroa 2018ko lehenengo saioan. Gurutze plazako institutuan izanen da ekitaldia eta iluntzean eginen dute 20:00etan. Lehen saioa izanen du aurtengo Bertsoaroak eta guztira zazpi izaen dira: Haurrentzako saioa izanen da azaroaren 10ean, errezitaldi poetiko-musikala azaoraren 13an, zientzia eta bertsoa izenekoa azaoraren 15ean, gazteen bertso jaialdia azaroaren 21ean, solasaldia azaroaren 20an eta bertso saioa azaroaren 27an. 

PROGRAMAZIOA

Bertso-saioa
Azaroak 8, osteguna. 20:00. Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia.

Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo. Bertso jaialdi batek emango dio hasiera, ohi bezala, aurtengo Bertsoaroari. Urteroko moduan, punta-puntako bertsolariak izango dira oholtzan, gazteak zein beteranoak, baina denak eskarmentu handikoak. Bertsolari nafarrekin batera, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko bertsolariak izango dira Bertsoaroaren lehenengo saioan. Horietako bostek iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian hartu zuten parte, eta bik finalean kantatu zuten. Seigarrena Nafarroako txapelduna izana da.

Haur Bertsoaroa 

Azaroak 10, larunbata, 12:00 eta 18:00. Sanduzelaiko Civivoxeko Aretoa.
5 eta 11 urte tarteko haurrei zuzendu bertso-antzerkia. Lanku Produkzioak. “Petresku, etzi ez etsi”. Egilea: Jon Maia. Antzezleak: Eneko Arrate eta Eider Perez. Gaztetxo asko etortzen dira Euskal Herrira, beren familiekin, bizi berri bat. hastera. Bertako eskolan, koadrilan integratzeko bidea ez da beti erraza izaten, ez eta bertakoentzat haien esperientzian barneratzea ere. Honako hau, horietako gaztetxo baten istorioa da, Laida errumaniarrarena. Umorearen, bertsoen, antzerkiaren eta musikaren laguntza eta denon partehartzearekin dena errazagoa izango da Laidarentzat.

Emanaldi berezia

Azaroak 13, asteartea. 19:00. Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa.

“Parrapean”. Ahotsa, gitarra, ukelelea: Ane Garcia. Saxoa: Itziar Castrillo. Ahotsa, ukelelea: Gotzon Barandiaran. Ahotsa: Josu Landa. Parra bi: Violeta eta Nicanor neba-arrebak. Baten kantuez eta bestearen poemez osatutako errezitala da “Parrapean”. Txileko sortzaile handiak bi-biak, hogeigarren mendeko erreferentzia ezinbestekoak. Urteak pasatzen dira, mendeak aldatzen dira, baina jenioen lanak bizirik dirau. Blaitzen gaituen errealitatea kultur sorkuntzaren ikuspegitik nola tratatu behar dugun etengabe egindako hausnarketek zipriztindutako bi artista handiren lanak gozatu ahal izango ditugu, parrapean.

Bertsoa eta zientzia
Azaroak 15, osteguna. 19:00. Civivox Iturrama. Hitzaldi Aretoa.

“Jakinduriek mundue erreko dau”. Bertsolariak: Julio Soto, Jone Uria. Zientzialariak: Joseba Aldasoro, Karmele Gómez eta Marko Galarza. Aurkezlea: Kike Amonarriz. Zientzia da giza kulturaren zati handi bat eta zientziaren oinarriak ezagutu gabe kultur ondarearen zati hori gabe geldituko ginateke. Zientziaz gain, bertsolaritza ere euskal kulturaren ondare dugu. Bertsolaritzaren gakoa da “bizitza kantatzea” eta egunero jasotzen dugun gehiegizko informazioa liseritzen laguntzea doinua, errima eta neurriaren bitartez. Bien uztarketa da emanaldi hau. Kike Amonarrizek gidatuko duen “Jakinduriek mundue erreko dau!” emanaldian bi bertsolari eta bi zientzialari izango dira oholtzan. Zientzialariek gaurkotasuna duen kontu zientifiko bati helduko diote eta bertsolariek bertsoak jarriko dizkiete gaiei.

Gazteen bertso jaialdia
Azaroak 20, asteartea. 19:00. Civivox Kondestableko patioa

Bertsolariak: Idoia Granizo, Irati Alcantarrila, Joanes Illarregi, Txaber Altube, Xabat Illarregi, eta Ane Zuazubiskar. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea. Bertsolari gazteentzako saioa eskainiko du aurten ere Bertsoaroak. Aurtengoan, hiru bertsolari nafar, eta gipuzkoar, bizkaitar eta lapurtar bana arituko dira kantuan. Azken urteotan sariketetan, txapelketetan eta plazaz plaza trebatzen ari dira eta bertsolaritzaren harrobi oparoaren isla dira sei bertsolari hauek. Saioa honetan, bertsolaritzaren etorkizunaz eta belaunaldi berrien bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango dugu.

Solasaldia
Azaroak 22, osteguna. 19:00. Civivox Iturrama. Hitzaldi Aretoa.

“Bertsolaritza eta rocka”. Hizlariak: Alberto Irazu, Jon Maia. Aurkezlea: Saioa Alkaiza. Harreman emankorra izan dute azken urteotan bertsolaritzak eta rock musikak, baina ez da beti hala izan. Garai batean, oso bi mundu diferenteak ziren, zaleak apenas konpartitzen ez zituztenak eta pentsaezina bien arteko uztarketa. Horretaz asko dakite gaia jorratuko duten bi pertsonek. Alberto Irazu, musikaria izateaz gain, “Rocka puntua” liburuaren egilea da. Bertan bien arteko harremana xehe-xehe aztertu du. Jon Maia, berriz, bertsolari ezaguna da eta musika taldeak ere sortu ditu. Horrez gain, musikari askorekin lan egin izan du. Biek ala biek gai interesgarri honi helduko diote, Saioa Alkaizaren gidaritzapean.

Bertso-saioa
Azaroak 27, asteartea. 20:00. Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia

Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Unai Agirre. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal. Aurtengoan ere bertso saio batek itxiko du Bertsoaroaren egitaraua. Euskal Herriko azken bi txapeldunak, egungoa eta duela lau urtekoa, izango dira taula gainean. Haiekin batera, esperientzia handia duten zenbait belaunalditako bertsolariak. Bertsokera diferenteak entzuteko parada egongo da aurtengo Bertsoaroari amaiera biribila emango dion emanaldian.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!