Trafikoaren eta errepideen segurtasunaren eskuduntza Foruzaingoak izango du aurrerantzean. Hala jakinarazi du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin Monkloan egindako bileraren ondoren.
Abenduan edo urtarrilean eskuratuko du foruzaingoak eskuduntza hori. Data finkorik ez dute finkatu, baina eskuduntza legegintzaldi honetan eskuratuko dutela azpimarratu du. Orain arte foruzaingoak Guardia Zibilarekin partekatzen zuen ardura hori.
Transferitu gabe dauden eskuduntzen egutegi bat eskatu dio Nafarroako presidenteak Espainiako gobernuburuari.
Hitzarmen ekonomikoa
Hitzarmen Ekonomikoaren Legea egokitzeko negoziazioak azkartzea ere erabaki dute bi aldeek. Ez dute akordiorik lortu ordea 113 milioi euroko inbertsio jasangarriari buruz, baina bide horretatik lanean jarraitzeko aukera ikusi du Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Pedro Sanchez Monkloara iritsi zenetik lehen bilera izan dute. Gainera, Nafarroako eta Espainiako gobernuek 2012tik egiten duten lehen bilera ofiziala izan da.