España Ciudadana plataforma ekitaldi bat egitekoa da Altsasun azaroaren 4an, Guardia Zibila errespetatu egiten da lelopean. Herrian tentsioa eta krispazioa sortzeko ekitaldia izanen dela adierazi du parlamentuak. Altsasu manipulatzen ari direla adierazi dute adierazpen batean. Gobernua babesten duten lau alderdiek egin dute bat adierazpen horrekin eta kritikatu dute eskuin politiko-mediatikoa Altsasu manipulatzea eta tentsioa zein krispazioa sortzea azaroaren 4an iragarritako ekitaldiarekin. Ciudadanos, Vox eta PP alderdiak izanen dira ekitaldi horretan igandean. Altsasuko herriak urteotan erakutsitako jarrera zibikoa eta eredugarria erakutsiko duela beste behin ere uste dute parlamentuan. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak eman dute aldeko botoa, PSN abstenitu egin da eta UPN-PPk kontrako botoa eman dute. UPN dena dela ez da ekitaldian izanen igandean "egunero dagoelako Altsasun eta egunero babesten duelako han Guardia Zibila".