'Hegoaldeko uzta, euskarari puzka' bosgarren kanpaina hasi du Errigorak aste honetan. Urriaren 25etik azaroaren 14ra bitartean eskatu ahalko dira Erriberako kontserbaz eta oliba olio birjinez osatutako saskiak. Jasotako diruaren %25 erabiliko dute Nafarroa hegoaldean euskarak dituen erronkei aurre egiteko: zehazki, Erriberako ikastolak eta AEK indartu nahi dituzte, eta, Sortzen elkartearen bitartez, hezkuntza sare publikoko D ereduko taldeak sustatu. Ibai Sueskun, Errigora ekimeneko kideak azaldu digunez, azken bost urteetan, 800.000 euro bildu dituztela jakinarazi dute Errigorako kideek.
Heldu den larunbatean jai giroko ekitaldi bat antolatu dute Geltokin, euskararen ofizialtuna eskatzen duen manifestazioaren ondoren egiteko.
Azaroaren 9 eta 10ean, aldiz, auzolan erraldoia eginen dute Ablitasen aurtengo kutxak prestatzeko.
Aurreko kanpainetan egin bezala, aurten ere bi saski mota egongo dira: beltza —Errigoraren saski klasikoa— eta zuria —berritasunak eta produktu bereziagoak izango dituena—. 23 ekoizleren produktuak dira. Saski bakoitza 50 euroren truke eskura daiteke. Berrehun herritan baino gehiagotan egongo da produktuak eskatzeko aukera, eta hainbat banaketa gune izango dira. Eskaerak eskuorriak betez egin daitezke, baita sarean ere, www.errigora.eus webgunearen bidez