40.000 pertsona inguruk hartu dute parte gaur Nafarroa Oinez ikastolen jaian, Altsasun, Foruzaingoak eman dituen datuen arabera. 7.000 ibilgailu, 500 karabana eta autokarabana eta 85 autobus kontatu dituzte. Horri, trenez joandako jendea gehitu behar zaio.
Aurtengo Nafarroa Oinez antolatu duen Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek "oso balorazio positiboa" egin dute. "Jende andana hurbildu da, elkartasuna sumatu dugu, uste genuena baino jende gehiago etorri da, gure espektatibak gainditu ditugu" esan du Jone Aretak. Antolatu dituzten ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan direla esan dute eta area guztiak jendez lepo egon direla.
Iñigo Aritza Ikastolak 370 ikasle ditu eta Burundako lau herriri (Altsasuri, Urdiaini, Olaztiri eta Ziordiari) ematen die zerbitzua. Jaiari esker lortu duten dirua azpiegiturak berritzeko erabili nahi dute.