'Cosimoren katiuskak' liburua labetik atera berria

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 17a, 09:41
Ana Ibañez eta Dani Martirena.

Dani Martirena legasarrak idatzi du eta Iruñeko Ana Ibañezek egin ditu ikustrazioak. Etxepare Saria jaso zuten eta Pamiela argitaletxeak kaleratu du liburua. 

Cosimo eta parke txiki bat dira protagonistak. Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute.

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Asun Agiriano haur bibliotekariak osatutako epaimahaiak Etxepare Saria ematerakoan azpimarratu zuenez, «gogoetarako kontakizuna ere bada gaur saritzen ari garen obra hau, testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu. Cosimoren katiuskakliburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duen».

Egileei buruzko informazioa

Dani Martirena Indart, Legasan jaioa, kazetaria ogibidez, azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan erredaktore bezala lan egiten du.

Literaturari dagokionez, han eta hemengo lehiaketetan saritu izan dituzte bere idazlanak. Tartean, Basauriko Euskarabila elkarteak urtetan antolatu izan duen ipuin erotikoen lehiaketan; eta Txalaparta argitaletxeak lan sarituekin argitara emandako liburu bildumetan irakurri daitezkeenak: Bero Hezeak (2001) eta Esku Hori (2012).

Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere nabarmendu dituzte bere lanak. Kasurako, lehen saria jaso zuen 2015. urtean Astearte hark arrunta behar zuen narrazio laburrarekin.

Nafarroan euskaraz idazten duten egileekin Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar izenburupeko argitalpenean ere parte hartu du, Listu balak idazlanarekin (2017).

Haurrentzako literaturari begira, auto-ekoizpenaren bidetik bi liburu argitaratu ditu Ana Ibañezekin batera: Hankaz gora du amak mundua (Liburu iletsuak, 2015), Jonek Jone izan nahi du (Liburu iletsuak, 2017).

Ana Ibañez Elosua, Iruñean jaioa, Arte Ederretan lizentziatua eskultura alorrean.  Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan.

Hainbat taldekako erakusketetan parte hartu du, hala nola norbanakoetan. Zizur Nagusiko kultur etxean, Biguina eta beroa (2004), Koloreak eta hariak Gayarre Antzokian (2003) edo Haragi barruko lorategiak Molmar arte galerian (2002) dira banaka egindako erakusgaien adierazgarri

Sariak eta bekak ere jaso izan ditu. Kasurako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.

Etxepare 2019 sariketa abian

Antolatzaileek asteartean, liburuaren aurkezpenean, jakinarazi zutenez, haurrendako bilduma ilustratuen Etxepare sariketaren 2019ko ediziora aurkezteko epea irekita dago 2019ko maiatzaren 17ra arte. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte hartu ahal izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!