Hatortxurockeko kartela, osatuta

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 15a, 13:03
The Baboon Show taldeko kideak kontzertu batean.

Hatortxu Rockek 22. edizioa antolatuko du abenduaren 29an, Atarrabian. Non Servium, The Baboon Show, Auxili, McOnak eta Iruñerria Jamaica Clash gehitu egin zaizkie Talco, Des-Kontrol, Kaleko Urdangak, Zartako-K, Belako eta Mafaldari aurtengo kartela osatzeko.

“Urak eginen du bide” euskal esaera zaharra da, denborak bakoitza bere lekuan jarriko duela dioena. Ura indarra da. Ura harririk handiena hautsi eta higatzeko gai da, munduari forma berriak emanez. Beti bilatu eta aurkitzen ditu aurrera jarraitzeko bideak, gure herriak bezala.

Azken hilabeteetan zehar berri eta zurrumurru asko entzun dira euskal preso politkoen egoeraren inguruan: gradu aldaketak, urrunketaren amaiera… Baina oraindik 270 euskal herritar daude espetxeraturik. Oraindik ere ehunka dira astero-astero errepidea hartu behar dutenak senide edo lagun bati bisita egiteko..

Urrutira joan gabe, aurten senide eta lagunek hainbat istripu pairatu dituzte eta Algecirasera zihoan autobusa harrikatu egin zuten. Bertan 11 lagunek bidaiatzen zuten, Algecirasetik Puerto eta Sevillako espetxera bidean zeuden, bertan senide gehiago jasotzeko, erasotua izan zenean.

Indarrak batzeko kartela

Eta, guretzako, ezinbestekoa da aurrera egitea. Horregatik, beste urte batez, Hatortxu Rockek elkartasun gau berezia antolatuko du abenduaren 29an. Azken urteetako moduan, Atarrabiako Entrecementerios guneak hartuko du musika jaialdia. Helburua, noski, elkartasuna eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoeraren salaketa musikaren bitartez lau haizetara zabaltzea.

Estreinekoz egonen dira gurean The Baboon Show suediarrak. Punk, garage eta powerpop nahasketa bat dakar. Zuzeneko ikusgarri batekin Europako agertoki ugari txiki utzi eta gero.

Non Servium taldea berriz ere izanen da Hatortxu Rocken, bere punk-Oi! musikarekin, haien zuzeneko azkar eta indartsua eskaini eta elkartasun oihuak espetxeetako azken txoko iluneraino helarazteko asmoz.

Oninenteko Auxili reggae band taldea ere Hatortxu Rocken oholtza gainera itzuliko da. 2017an Hatortxu Rocken 20. edizioan egon ziren eta orain haien azken lana, ‘Tresors’, aurkezteko asmotan etorriko dira Atarrabiara.

Iruñerria Jamaica Clash kolektiboak justu 2 urte beteko ditu abenduaren 29an eta, Hatortxu hankaz gora jartzeko asmoz daude. Kingstonera pixkatxo bat hurbiltzearren, doinu tropikalez eta hainbat sorpresa eta kolaborazio politez betetako show bakar bat ekarriko dute gurera.

McOnak taldeak osatuko du aurtengo kartela. Urte bete baino gehiagoko geldialdiaren ostean, martxan dira berriz. Bertan, “Gure naufragioak” azken lana osatzen duten 10 kantu berriak aurkeztuko dituzte.

Sarrerak

Sarrerak salgai daude dagoeneko interneten, esteka honen bitartez. Urriaren 16tik aurrera, ohiko salmenta puntuetan ere lortu ahal izanen dituzue sarrerak. Aurretik erosita, sarrerek 18 euroko prezioa dute eta egunean bertan erosita 23 eurokoa izanen da.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!