Esako urtegiko lanak geldi ditzatela eskatuko dute

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 11a, 14:05

Esa urtegira bigarren ibilaldia antolatu dute urriaren 28rako. Ohartarazi dute arriskuak segitzen duela eskuin hegalak mugitzen segitzen duelako. 

Esa urtegira bigarren ibilaldia antolatu dute urriaren 28rako. Atzo ezagutu genuen Nafarroako Gobernuak Esa urtegiaren lanek eragiten dituzten kalteak aztertzeko ikerketa lana eskatu duela, eta Esa gehiagorik ez plataformarentzat albiste pozgarria da. Dena dela, ohartarazi dute arriskuak segitzen duela eskuin hegalak mugitzen segitzen duelako. 

Segurtasun faltak kezka eragiten du Esa urtegiaren inguruko herrietan, bai Nafarroan eta baita mugaz bestaldean ere, Aragoin. Artiedan lurren espropiazioak egiten dituzte, Siguesen dike bat eraikitzeko asmoagatik herria suntsitzen ari dira edota Zaragozan ere ekonomikoki antzemanen dute ondorioa, Esaren handitze lanen %60 ordaindu beharko dutelako nahiz eurei onurarik ez eragin.

Eta horrez gainera, orain, beste kezka bat gaineratu behar da. Aspaldian kajoi batean gordeta zuten proiektu bat atera duelako mahai gainera Ebroko Ur Konfederazioak: Zaraitzu ibaiaren ura Leireko Mendilerrotik bideratuko lukeen egitasmoa da zehazki. 

Esa ez da beteko, hemen bizi nahi dugu goiburuarekin mobilizazio eguna deitu dute urriaren 28koa. Zangozatik, Irunberritik, Leireko Mendilerrotik eta Aragoitik eginen dituzte protestak: 12:00etan ESAko gasolindegian elkartuko dira, eta 12:30ean manifestazioa eginen dute Esa urtegiko lanetaraino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!