Egun bat gehiago eta kolaborazio berriak, 948 Merkatuaren bigarren edizioan

948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa Iruñean egingo da azaroaren 21ean, 22an eta 23an.

Merkatuak beste egun bat gehitu dio, kolaborazioen mapa finkatu eta handitzearekin batera. Kultura, Kirola eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak gaur goizean aurkeztu du azoka.

948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuaren edizio berri honetan, diziplina ezberdineko 60 proposamen artistikotik gora izango dira. Beste urte batez, kultura eta sormen industriako 1.000 profesional baino gehiago biltzea espero da, eta horiek 180 proposamen baino gehiago biltzen dituen programazioa izango dute, tartean, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, bilerak, eztabaidak, aurkezpenak, standak... Gainera, edizio honetan honako gai hauek nabarmenduko dira: genero-ikuspegia, jabetza intelektuala, nazioartekotzea, diseinua edo profesionalizazio sektoriala.

Nafarroako Kulturako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako programaren helburua da azoken azoka hau erreferentziazko topaketa bilakatzea produktu kulturalak eta artistikoak erakusteko, ezagutza trukatzeko eta proposamen berritzaileak erakusteko; halaber, Euro-eskualdeko eremu osoko arteak sustatu nahi dira; hau da, Nafarroa, Akitania Berria eta Euskadikoa nahiz Aragoi eta Errioxa bezalako auzoko beste komunitateetakoa.

Euskadi eta Akitania Berria, 2018an gonbidatutako lurraldeak

2018ko edizioan, Euro-eskualdeko komunitateak, Euskadi eta Akitania Berria gonbidatuko dira, eta eduki eta proposamen artistikoetan parte hartuko dute. Era horretan, 948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatua erreferentziazko plataforma izatera iritsiko da mugaz haraindiko lankidetzako beste edozein proiektu sortzeko eta bultzatzeko.

Lankidetza-espazioak handitu nahi izateko bide horretan eta aurtengo edizioan berrikuntza gisa, beste Euro-eskualdeetako nahiz Europako eta munduko beste leku batzuetako ordezkari instituzionalak gonbidatu dira. 2018ko edizioan izango direla jada berretsi dute Aragoiko Gobernuak eta Pyrénées-Méditerranée euro-eskualdeak (Katalunia, Balear Irlak, Languedoc-Rousillon eskualde zaharra eta Midi-Pyrénées). Dinamika horren bitartez, azoka emateko leku ez ezik, hartzeko ere egin nahi da, bertaratzen diren delegazioek zuzenean ezagutu dezaten Nafarroan arteei ematen zaien bultzada eta artearen sormena eta parte hartzen duten profesionalek ere beste eskualde eta lurralde batzuetako errealitate kulturalera gerturatzeko aukera izan dezaten.

948 Merkatua Programazioa

948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuak bi bloke nagusi izango ditu: goizetan, Baluarte PRO eta, arratsaldeetan, Nafarroako proposamen artistikoen eta lurralde gonbidatuen erakustaldiak. Urte osoan zehar Iruñeko jarduera kulturalaren sustatzaile diren hainbat gune eta ekipamendu publiko nahiz pribatutan gauzatuko dira.

Sarrerak eta akreditazioak

Baluarteko PRO gunera akreditazioarekin sartu beharko da. Herritarrentzat oro har irekitako gainerako guneetan sartzeko, berriz, gonbidapena beharko da. Soilik Filmotekan kobratuko da euro bateko sustapen-prezioa.

Profesionalentzako nahiz artista eta kazetarientzako akreditazioak azaroaren 12ra bitarte azokaren web gunean eska daitezke: www.948merkatua.com. Akreditazioa duten pertsonek azokako gune profesionalean eta programaturiko erakusketa guztietan sartu ahal izango dute.