‘Ttap’ Nafarroara iritsiko da asteazkenean

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 8a, 08:00
Gorka Urbizu eta Juan Kruz Lakasta, Zentral Kfe Antzokian, elkarrizketaren grabazioan.

> Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizuri egin dio elkarrizketa nagusia Juan Kruz Lakastak.
> Kolaboratzaileen artean Garazi Arrula, Joseba Beramendi Exprai, Josu Santesteban eta Irati Majuelo daude.
> Asteazkenetik aurrera deskargatu ahal izanen da aldizkari digitalaren Nafarroako edizioaren 0 zenbakia.

 

Bizkaiko eta Gipuzkoako edizioen ondotik, Nafarroakoa iritsi da: Ttap aldizkari digitalaren edizio nafarraren 0 zenbakia asteazkenetik aurrera deskargatu ahal izanen da. Horren elkarrizketa nagusia Berri Txarrak taldeko buru Gorka Urbizuri egin dio Euskalerria Irratiko kazetari Juan Kruz Lakastak. Solasaldi hori irakurtzerik izanen da, baina baita entzun eta ikusterik ere, ongi zainduriko audio eta bideo formatuetan ere eskainiko baita.

Halaber, 0 zenbakiaren barruan gozatu ahal izanen dira Garazi Arrula idazlearen zutabea, Joseba Beramendi Exprairen ilustrazio animatua, Josu Santesteban argazkilariaren Iruñeko Alde Zaharreko patio ezkutuei buruzko irudi sorta, eta Karrikiri Elkarteko kide Irati Majueloren liburu gomendioa.

Digitala, multimedia eta gertukoa

Ttap aldizkari digital eta multimedia eskuko telefonoetan eta tabletetan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun daiteke. Izan ere, "edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditugu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Hau da, testuekin batera, bideoak, audioak eta eduki interaktiboak eskaintzen ditugu", azaldu du aldizkari digitaleko zuzendari Monika Belastegik.

Edukiari dagokionez, gertuko gaiak landuko ditu, era azkar eta erosoan kontsumitzeko moduan, baina eguneroko presatik ihesi. "Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat", dio Belastegik. Edukietan sakondu nahi duenak beti izanen du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez".

Katalanekin elkarlanean

Ttap-en oinarria Kataluniako Esguard aldizkaria da. Hark sei urteko ibilbide oparoa du. "Publikoak oso ondo erantzun dio, han, formatu berri horri. Esguard-en azken urteetan pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu nahian, elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan", azaldu du Belastegik.  

Esguard-en formatu digitala Nafarroara egokitzeko, Euskarabidearen laguntza jaso du proiektuak. Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat hedabide dira aldizkari digitalaren bultzatzaileak: Goiena, Anboto, Baleike, Tokikom eta Esguard hain zuzen ere. Nafarroako 0 zenbakia Euskalerria Irratiak koordinatu du.

Nola deskargatu

Ttap aplikazioa App Store-n zein Google Play-n erraz aurki daiteke deskarga egiteko. Nolanahi ere, are errazagoa da ttap.eus webgunean sartzea eta handik abiaturik egitea deskarga. Sakelakoan edo tabletean aplikazioa instalatu eta gero, arazorik gabe deskargatu ahal izanen da Nafarroako 0 alea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!