"Ezinezkoa da baldintza horiek lasterketa egin baino lau egunetara bete ahal izatea", azaldu du Sakana Motorsport antolatzaileak. Urbasako igoera ez da eginen aurten eta 50 urteurrena zuten aurten. Urtero bezala aurten ere abuztuaren 27an egin zuten eskaera Urbasako autoen igoera egin ahal izateko. Erantzuna duela lau egun jaso zuten inoiz ez bezalako baldintzak eskatuz: "Hain denbora gutxian ezin diogu aurre egin segurtasunagatik eskatu dizkiguten baldintzei", azaldu dute antolatzaileek. Aurreko edizioetan foruzaingoak zaintzen du segurtasuna ekimenean baina oraingoan antolatzaileen ardurapean utzi dute kontua. Gaur Urbasara doan errepidea itxita beharko luke izan 16:00etatik aurrera (beste urte batzuetan nahikoa iruditu zaie 22:00etatik istea) eta antolatzaileei zegokien itxiera hori egitea aurten, beste urteetan foruzaingoaren ardura izaten zen hori. Araudi berriak dio, segurtasuna zaintzen egon behar dutenek formazioa izan behar dutela gai horretan. Hala, antolatzaileak ahalegindu dira enpresa pribatu baten bidez hori guztia beteko lukeen talderen bat lortzen, baina, lau eguneko epean ezinezkoa izan zaiela nabarmendu dute.
XXXVIII. Urbasako igoera egitekoa zen asteburuan eta 50. urtemuga ospatzekoa ere bai. Sakana Motorspot taldeak sei edizio daramatza antolatzen eta aurten halakorik ezinen duela egin nabarmendu du. "Azken unean egin dizkiguten exijentziak ezin ditugu bete", adierazi dute. Barne Departamentuak igorri zien txostena urriaren 1ean eta Landa Garapenerako, Ingurumenerako eta Tokiko Administrazioko departamentuaren baldintzak, baita foruzaingoaren eta Trafiko Segurtasunaren arlokoak ere.
Sakana Motorsport antolatzaile taldeak barkamena eskatu die proba horretan parte hartu behar zuten guztiei: auto gidari, boluntario, babesle, afizionatu... 6.000 lagun inguru mugitzen ditu Urbasako Igoerak urtero.