Nafarroako Parlamentuak Euskararen Lege berria idazteko sortutako batzordean parte hartu du gaur Kontseiluak. Paul Bilbao idazkari nagusiak eskaera zuzena egin die parlamentariei: “Zuek etxe honetan gure eskubideez erabakitzen duzue, zuen esku dago gure eskubideen aitortza”. Aldaketa behingoz egin behar dela ere esan du. "Lege berria behar da, euskaldunontzat, eskubide berdintasuna egon dadin, injustiziak zuzenduz, herritarron ongizatea zainduz eta gizarte kohesioa erraztuz".
Proposamena osatzeko egindako lanaren berri ere eman du. Herritarrak erdigunean jartzearen garrantziaz hitz egin du Bilbaok: "Elkarlanean osatutako dokumentua izan da, herritarrengandik jasotako bizipenekin eta adituen ekarpenekin". Garrantzitsutzat jo du herritarrak erdigunera ekartzea: "Legeek herritarrei eragiten diete, beraz, Lege berriak egun herritarren artean dagoen bereizkeriarekin amaitu behar du". Gogoratu du azken hilabeteotan Kontseiluak dinamika desberdinen bidez jaso dituela nafarrek euskaraz bizitzeko dituzten ezintasunak eta oztopoak; eta horiek gainditzeko proposatzen dituzten bideak.
Euskararen Lege Berria prestatzeko, herritarren bizipenez gain, Kontseiluak, besteak beste, bi dokumentu izan ditu oinarri: Protokoloa eta Oinarriak 2000 urtean aurkeztutako lege-proposamena. Kontseiluak uste du Lege Berria integrala izan behar dela. Horregatik, Kontseiluak eskatzen du eremu guztietan eragingo duen legea behar dela: administrazioan, hezkuntzan, hedabideetan, kulturan, eremu sozioekonomikoan…
Horrekin batera Kontseiluak ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzearen garrantzia azpimarratu du. Batetik, herritar guztiei eskubide berdinak aitortzeko, eta bestetik, ofizialtasunak berak ezartzen dituen ondorio juridikoak betetzeko politikei ekiteko. Gogoratu du, ondoren, Legea betetzeko eta garatzeko beste arau zein politikak abian jarri beharko direla eta hor malgutasuna eta progresibitatea aplikatuko direla: "Halere, ofizialtasuna eta bere ondorio juridikoak kontuan hartzea da aldaketarako legeak izan beharko dituen ardatzak".
Kontseiluaren proposamena hemen ikusgai.