Manu Aierdi: "AHTa garatzeko hitzarmen egoki bat behar dugu Espainiako Gobernuarekin"

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 2a, 13:13

Garapen Ekonomikorako presidenteordeak esan du, akordio on bat adosteko prest dagoela, eta are gehiago, alderdi sozialista Espainiako Gobernura iritsi zenetik saiatzen ari dela hori erdiesten baina erantzunik ez duela jasotzen esan du. 

UPNk hala eskatuta Manu Aierdik azalpenak eman ditu Espainiako Gobernuarekin Abiadura Handiko Trenaren harira adostu beharko lukeen hitzarmen berri baten inguruan. Aierdik esan du, akordio on bat adosteko prest dagoela, eta are gehiago, alderdi sozialista Espainiako Gobernura iritsi zenetik saiatzen ari dela hori erdiesten baina erantzunik ez duela jasotzen esan du. Nafarroak zer nahi duen eta zer behar duen argi duela esan du Aierdik.

UPNko Carlos Garcia Adanerok leporatu dio Aierdiri gustura egotea Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Izan ere, modu horretan ez du gobernua babesten duten beste hiru alderdiekin "eztabaidan" aritzeko beharrik. EH Bilduko Maiorga Ramirezek Europako Kontuen Auzitegiak argitaratutako txostena izan du gogoan. Bertan jasotzen da besteak beste, Abiadura Handiko Trena egiteko bideragarritasun ikerketarik ez dela egin egitasmoa bera justifikatzen duenik. Tresna politiko gisa erabiltzen da AHTa Podemos-Ahal Duguko Ruben Velascoren esanetan eta benetan garrantzitsua litzateke aztertzea haren bideragarritasuna eta erabilgarritasuna. Ez gaude AHTren aurka, baizik, bideragarritasun analisirik gabeko proiektu baten kontra. 

Aierdiri PSNk leporatu dio gobernua babesten duten alderdiek ez dietela uzten aurrera egiten. PPk uste du garapenari oztopoak jartzen segitzeko asmoa duela Nafarroako Gobernuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!