Euskararen Lege berrirantz

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 2a, 13:04

Pasa den larunbatean Europako Ondarearen Jardunaldiak ospatzen ari zirela, euskaldun franko elkartu ginen Iruñean UEUk antolatutako Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean izeneko jardunaldian.
Euskararen garapenerako marko juridiko berri baten beharraz mintzatu ginen, eta mahai gainean hainbat kontu interesgarri jarri ziren, hala nola, zonifikazioa gainditzeko beharra, ofizialtasunaz hitz egiten dugunean zer esan nahi duen horrek, zer den derrigortasuna… Hainbat proposamen zehatz ere aurkeztu ziren.
Garbi gertatu zen lege integral baten beharra duela euskarak, arlo ezberdinak jasotzen dituena. Hizkuntza eskubideak bermatzen dituen Legea behar dugu.
Aste honetan parlamentarien txanda etorriko da. Ikusiko dugu asteazkeneko bileran Kontseiluak aurkeztuko duen proposamena aditzeko gauza diren edo aurretiko iritziei eusten dieten. Zoritxarrez, berriro ere axaleko argudioak adituko ditugu.
Legealdi honetan larri gabiltza egungo Euskararen Legea aldatzeko, eta ongi ezagutzen dugu zein diren indar politikoak eta orain arte erakutsi dituzten jarrerak, beldurrak eta estrategiak.
Parlamentuan argi geratuko da gehiengoak erabakiko duela gutxiengo batek nolako eskubideak dituen. Hala ere, orain dugu momentua irudikatzeko nolako izanen den etorkizuneko hizkuntza politika.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!