Ez da ohikoena animaziozko dokumental batek lortzea publikoaren saria. Baina Another Day of Life ere ez da ohiko animazio lana. Hasteko, Ryszard Kapuściński gerra-kazetari handia duelako abiapuntu (haren Another Day of Life liburua eta hitzak ditu oinarri pelikulak), eta gainera, Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenowk zuzendutako eta Amaia Remirezen ekoizletza lanaren bidez, obra gai izan da, animazio bidez, ikuslea hasieratik amaierara harrapatzeko eta Angolako gerran bete-betean sartzeko; gerraren horrorea, geopolitika, konpromisoa, memoria eta gizatasuna pantailaratzeko.
Euskal gidoi onenaren saria ere lortu du filmak. Eta publikoaren beste sarituak ere bi golardo eskuratu ditu, ikusleen iritziz Europako lanik onena izan denak Sebastiane saria (LGBTI komunitateak ematen duena) jaso baitu: Lukas Dhont zinegile belgiarraren Girl. Eta ez gaitu harritu, hain da sotila Girl, hain da ñabardurez betea, keinu txikiz, inplizituz, gordinez josia. Zakilarekin jaio den Lararen sufrimendu isila, gorputz arrotzean bere burua ezagutzen ez duen nerabearen bakardadea, edertasun handiz narratu du zuzendariak eta bikain antzeztu du Victor Polster aktoreak, eta ezinezkoa da protagonistarekin ez enpatizatzea. Baletaren erritmora, identitatea, esfortzua eta obsesioa bezalako gaiak jorratzen ditu istorioak, balet dantzaria izan nahi duen eta sexuz aldatzeko tratamendua abiatu duen Lararen ikuspegitik.