Protokolo guztiak bete zituzten 112 telefonoaren bestaldean dauden profesional guztiek, azkartasunez eta eraginkortasun osoz. Hamazazpi minutuan mugitu ziren polizia, anbulantzia, helikoptero eta medikuntza zerbitzu guztiak eta hamazazpi minutu horietan atxilotu zituzten tiroketan izan ziren hiru lagunak. Datuak eman ditu baieztapen hori egiteko Barne Kontseilari Mari Jose Beaumontek:
1. SOS Nafarroak deia jaso eta 25 segunduan Foruzaingoaren Koordinazio eta Agindu Zentroari, CMCri igorri zion gertatutakoaren berri.
2. Berehala mugitu zen foruzaingoa eta aldi berean Guardia Zibilaren COS izenekora abisua eman zuten, Guardia Zibilaren Koordinazio Zerbitzura zehazki. Hark adierazi zien Carcastilloko patruila bidaliko zuela.
3. Bien bitartean SOS Nafarroak Zangozako anbulantziak mugiarazi zituen, Iruñeko helikopteroa eta Zangozako mediku eta erizain taldea. Hemezortzi minutuan ebatzi zen Kasedan gertatutako guztia: jasotako lehen deitik atxiloketak izan ziren arte.
Guardia Zibilak Kasedan ere badu egoitza. 9:00etatik 14:00etara baino ez dago zabalik, baina. Eta gainera, SOS Nafarroak ez du eskumenik zuzenean kuartel batera edo bestera deitzeko. Guardia Zibilak berak eskatuta Guardia Zibilaren beraren COS zerbitzura deitu behar du, eurak direlako erabakiko dutenak zein patruila bideratu gertakarien tokira.
SOS Nafarroan lanean aritzen diren guztiei babesa helarazi die Barne kontseilariak eta nabarmendu du profesionaltasun osoz, eraginkortasunez eta ahal izaten duten azkartasun guztiarekin egiten dutela beren zeregina. Nabarmendu duen bestea da, politikan denak ez duela balio eta kasu honetan SOS Nafarroako langileen aurka haizatu nahi izan dituzten "gezurrak" onartezinak direla.