Inbertsio publikoa eginen du gobernuak superabiteko 113 milioi eurorekin

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 21a, 08:39

Laukoa agerraldi batean. Artxiboko irudia.

Nafarroako Gobernuak iaz 215 milioi euroko superabit berezia izan zuen, eta orain exekutiboa babestu duten lau indarrek hitzartu dute diru horren erdia baino gehiago, 113 milioi euro, inbertsio publikora zuzentzea.

Egonkortasun legearen eta gastu arauaren ondorioz, diru hori osorik zorra ordaintzera bideratu behar zela ohartarazi zuen orduko Ogasun ministroak, Cristobal Montorok. Laukoa osatzen duten alderdiak zirrikitu bat bilatzen aritu dira, eta orain, PSOE Madrilen agintean dagoela, aukera baliatu nahi dute. Foru lege proposamena erregistratu zuten atzo Parlamentuan, berehalako prozedura erabilita. Irakurketa bakarreko tramitazioa izango da eta urriaren 4rako onartzea espero dute.

Lege proposamen horrek bi zati ditu. Batetik, 20 milioi euro Tokiko Inbertsio planean sartuko dira, eta udalek abenduaren 31 bitarteko epea izango dute inbertsio horiek esleitzeko. Bestetik, gainerako 93 milioi euroak beste departamenduetako inbertsioetarako erabiliko dira, batik bat Hezkuntzan eta Osasunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!