Hamar urte betetzearekin batera zabaldu dizkiote espetxeko ateak Hodei Ijurkori. Espetxean izan da urteotan guztiotan kale borrokako zenbait ekintza egitea leporatuta. A Lamako kartzelan izan da urte gehienetan, Galizian. Pontevedraraino hurbildu dira senitarteko eta lagun ugari espetxetik irten bezain laster harrera egitera. Goizaldean utzi dute aske eta Etxarri Aranatz bidea hartuko dute. 20:00etan iragarria dago bizilagunek harrera egitea herrian. Bihar, ostiralarekin, Iturrama auzoan hartuko dute Ijurko 19:00etan.
Hamar urte kartzelan
Hodei Ijurko gaztea kartzelan sartzeko agindu zuen Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile izandakoak, Segi legez kanpoko taldeko kidea izatea, "atentatu terroristan" parte hartzea, lehergailuak izatea eta "txikizioak" eragitea leporatuta. Ijurkok ukatu egin zituen akusazioak eta zuen deklaratu nahi izan epailearen aurrean. Soto del Realeko espetxean sartu zuten lehenengo.
Foruzainek atxilotu zuten Iruñean, euren auto bati eraso egin ziolako, ustez. Atxiloketa unea "bortitza" izan zela salatu zuen Askatasunak eta, besteak beste, buruan jaso zuen kolpe baten ondorioz bederatzi puntu eman zizkioten Ijurkori. Askatasunak esan zuenez, foruzainak "Espainiako estrategia errepresiboaren zerbitzura" daude. "Errepresioaren bidez bere proiektu politikoa inposatzeko asmo argiak ditu UPN alderdi frankistak, eta horretarako dituen tresna guztiak erabiliko ditu, bortizkeriaren eta inposaketaren logikan betiere".