Datorren maiatzeko foru hauteskundeen inguruan mintzatu dira, hasteko. PSNk ateak irekita ditu negoziatzeko. Hala esan zuten 2015ean eta hala berretsi dute gaur ere, etorkizunari begira. Hori bai, betorik ez dutela onartuko ere argi utzi du Geroa Baik, alegia, ez dute nahi PSNk EH Bildu baztertzea, ezta EH Bilduk PSN baztertu nahi izatea ere.
Espainiako Gobernuak hautetsien forua Konstituziotik kentzeko proposamena egin du, eta horren aurrean, UPNk zein PPk Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kentzeko exijitu dute. Artikulu horrek planteatzen du Nafarroa beste euskal lurraldeekin bat egiteko aukera Parlamentuaren esku uztea eta erabaki hori erreferendum bidez berrestea. Martinezen ustez Nafarroa subjektu politiko gisa aitortzeko modu bat da, eta nafarrei ahotsa eta botoa emateko modu bat.
Barcina, Sanz eta Mirandaren agerraldiak urte amaierarako
Parlamentuan udako etenaren ondoren martxan jarriko dute berriz Nafarroako Kutxa ikertzen duen batzordea. Urtea amaitu aurretik izanen dira batzorde horretan azalpenak ematen Ekonomia kontseilari ohi Alvaro Miranda eta azken bi presidente ohiak Yolanda Barcina eta Miguel Sanz.
Barkos eta Gomez buru
Asteburuan amaitu zen Geroa Bairen primarioetan hauteskundeetarako zerrendaburu izateko hautagaitzak aurkezteko epea. Beste hautagairik aurkeztu ez denez, Uxue Barkos izanen da lehendakarigaia eta Itziar Gomez alkategaia. Nabarmendu dute, besterik ez izateak erakusten duela Nafarroan zein Iruñean legealdi honetan bilakaerarekin pozik daudela ez soilik Geroa Baiko militanteak, baita herritarrak ere.