Astelehenean, hilaren 17arekin, abiatuko da Euskalerria Irratiaren denboraldi berria. Berezitasun nagusia, aurten gure irratiak 30 urte eginen dituela, zehazki azaroaren zazpian.
Urteurrena irratia posible egin duen komunitatearekin ospatu nahi dugu. Hori horrela, irrati urte honetan astero saio bat estudioetatik at, kaletik eginen dugu, gure komunitatearengana are gehiago hurbiltzeko.
Lehen asteotan, Zentral Kafe Antzokian izanen gara, Euskaraldiaren aurkezpenaren kontura; Autobus Geltoki Zaharrean, Geltoki proiektuaren hastapenei buruz mintzatzeko; euskaletgietan, ikasturtearen hasieraren karietara; eta Burlatako Udaletxean, herria hobeki ezagutzeko.
Urteurrena ospatzeko, azaroaren zazpian festa eginen dugu Zentral Kafe Antzokian (ongi apuntatu agendan), eta aste horretan egunero estudiotik kanpo eginen ditugu saioak, hiru hamarkadako ibilbidean lagundu gaituztenengana hurbiltzeko: egun batean bazkide baten etxetik ariko gara, beste batean entzule batenetik, besteren batean iragarle baten dendatik…
Arratsaldea, indarturik
Denboraldi berrian, berritasun handiena arratsaldeko Irrintzi Plaza magazinean izanen dugu. Reyes Ilintxetak Lohizune Amatria kazetari eta idazle gaztea izanen baitu bidaide.
Besteak beste, emakumeei buruzko atalak estreinatuko dituzte. Bat, historia markatu duten euskal emakumeen ingurukoa. Beste bat, feminismo glosario bat landuko duena.
Bestalde, Iruñerriko literatur taldeekin elkarlanean, hiperliteratur taldea osatuko dute, edo metaliteratur taldea, nondik begiratzen zaion.
Solasaldi sozialetan, Martxelo Sotes, Anabel Arraiza, Leire Zabaltza eta Andoni Sagastibeltza izanen dituzte.
Goiza, sendo
Goizeko Metropoli Forala saioan ere fitxaje berriak egin dituzte Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak. Iritzi emaile lanetan, Alberto Barandiaran eta Tania Arriaga kazetariak. Musika alorrean, Gor diskoetxeko kide ohi Marino Goñi, eta Gartxot Ugalde musikaria.
Kolaboratzaile klasikoek ere haien lanarekin segituko dute. Besteak beste hanien artean daude Aingeru Epaltza, Elixabete Garmendia, Gorka Bereziartua , Amaia Nagusia eta Santi Leone, Amaia Nagusia eta Angel Erro.
Albistegietan, indartsu
Denboraldiaren hasieran, Mikel Bujandak eta Maialen Uhartek gidatuko dituzte Euskalerria Irratiko albistegiak. Eta urritik aurrera, eskarmentu handiko kazetari batek indartuko du albistegietako talde hori.
Iritzi emaileen gurpilean, iazko talde bera ariko da. Besteak beste, Anika Lujan, Floren Aoiz, Nerea Fillat eta Joseba Ezeolaza.