Altsasuko bizilagun talde bat Iruñeko espetxe aurrean elkartu da gaur herriko jaien bezperan Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Horrela, jaietako txupinazoa aurreratu dute, txaranga eta guzti eramanez.
Bideoa: ahotsa.info
Altsasuko auzian preso dauden zazpi gazteak Euskal Herriko espetxeetan dira jadanik. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak abuztuan hasi zituen mugimenduak: 24an, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob Zaballara eraman zituzten, eta, astebete beranduago, Aratz Urrizola ere hara, eta Adur Ramírez de Alda, Iruñekora. Madril inguruko espetxeetan zeuzkaten zazpiak preso.
Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien zortzi auzipetuei; guztira, 79 urte, 2016an Altsasun taberna baten kanpoko aldean guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuela eta. Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia «neurriz kanpokoa» delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu «terrorismo» delituagatik. Uda ondorengorako espero da epaileen deliberoa.