Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa deitu du Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 6a, 07:43

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko duen manifestazioa deitu du Kontseiluak.

Kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak, euskararen ofizialtasunaren alde. Urriaren 27an eginen dute, Iruñean, Behingoz lelopean. 

Baratxurien plaza aukeratu dute gaur Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kideak manifestaziorako deia egiteko. Behingoz euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatuko dute. Urriaren 27an izanen da mobilizazioa, Iruñean. Euskarak bultzada berria behar duela uste dute, eta legealdia amaitu aurretik Euskararentzat Lege berria prest egon beharko litzatekeela.

Kontseiluko kideek uste dute konponbidea berandu datorrela, baina "egoera aldatzeko abagune bat" ikusi dute Nafarroako Legebiltzarrean. Han, Euskararen Batzordea sortu zuten iragan urrian, EH Bilduren ekimenez eta Geroa Bai nahiz Ahal Dugu-ren babesarekin. Batzordearen egitekoa da euskararen lege berri baten zirriborroa prestatzea. Bilbaok berretsi du ofizialtasuna ezartzeko aukera dela. "Euskara Batzordetik ateratzekoa den lege berri horrek hiru irizpide bete beharko ditu ezinbestean: nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea, egungo zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea".

Euskararen marko juridikoa aldatzeko oztopo nagusia lauko gobernuaren barruan zegoela ikusita, Kontseiluak manifestazioa egin zuen urtebete geroago, 2016ko ekainaren 4an, Bidea eman euskarari lelopean. Milaka pertsona elkartu ziren Iruñean ofizialtasunaren alde, eta Uxue Barkos lehendakariak berak "begi onez" hartu zuen mobilizazioa: beharrezkoa zela, ongi dagoela euskararekiko asmoa kalean erakustea, eta eskertuta dagoela. Parlamentuan, baina, hainbat eztabaida piztu ziren laukoari eusten dioten taldeen artean. Hezkuntzako zerrenda bakarraren karira piztutako polemikak izan zuen oihartzunik handiena. Gauzak horrela, euskaltzaleek gero eta urrunago ikusi zuten euskararen lege berri bat adosteko aukera. Giro horretan heldu zen Kontseiluaren hurrengo deialdia: manifestazio bat egin zuten 2017ko abenduan, "bazterketa ororen kontra".

Euskararen Gizarte Erakundeko idazkari nagusiarekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Entzun hemen elkarrizketa:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!