Behargin bat hil da Atondoko etxebizitza batean lanean ari zela

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 4a, 08:39

Ezbeharra joan den abuztuaren 27an jazo zen. Biktimak 58 urte zituen. Uda honetan 11 langile hil dira Nafarroan.

LAB sindikatuak gaur jakinarazi duenez, joan den abuztuaren 27an behargin bat hil zen Atondoko etxebizitza batean lanean ari zela. Biktimak 58 urte zituen. Foruzaingoa lan-istripua nola gertatu zen ikertzen ari da. LABek adierazi duenez, ez da ezbeharraren berririk eman, "lan-istripuaren inguruko informazioa nahasgarria izan delako eta kontraesanez beteta egon delako". Informazio ofiziala oraindik "eskasa" dela, baina ikerketak aurrera egin ahala gertatu dena baieztatzen bada, "gertakari oso larri baten aurrean" egongo ginatekeela ohartarazi du sindikatuak.

LABek hildako langilearen senideei elkartasuna eta babesa helarazi die eta ardurak argitu daitezela exijitu du. Langilearen eta obrako arduradunaren arteko lan-kontratua zein zen eta hartutako segurtasun-neurriak zeintzuk izan ziren argitzea eskatu du LABek. Halaber, ezbeharra gertatu ostean obraren arduradunek hartu zituzten neurriak zeintzuk izan ziren jakin nahi du sindikatuak, besteak beste, lehen laguntza zein izan zen eta zauritua zein baldintzetan eraman zuten erietxera. LABek ohartarazi du azken hileotan nabarmen hazi direla lan-istripuak Euskal Herrian. Nafarroan, esaterako, 11 langile hil dira uda honetan. Lan-istripuak "prekarietatearen ondorio" direla erantsi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!