Oihan Arnanz eta Iñaki Abad ere Euskal Herriko espetxeetatik gertuago daude

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 3a, 08:41

Altsasuko auziarengatik espetxean diren gazteak hurbiltzen ari dira etxetik gertu dituzten kartzeletara. Jokin Unamuno litzateke Altsasuko auzian zigortutako gazteen artean lekualdatzeke falta den bakarra.

Aratz Urrizola eta Adur Ramirez de Alda Euskal Herrira ekarri dituzte. Urrizola Zaballako espetxera (Araba) ekarri dute, Soto del Realekotik (Madril); eta Ramirez de Alda Iruñekora, Aranjueztik (Madril). Gurasoek baieztatu dute bien deiak jaso dituztela; esan diete bidaiarengatik nekatuta daudela eta espetxe berrira egokitzen ari direla. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak gaur zortzi jakinarazi zuen ekarriko zituztela. Zortzi auzipetuetatik zazpi daude preso, eta horietako lau, Euskal Herrian.

Ostiralean ekin zioten Oihan Arnanz eta Iñaki Abad Euskal Herriratzeari. Astebete igaro liteke horiek Euskal Herriko espetxe batera iristerako. Horiek horrela, Jokin Unamuno litzateke Altsasuko auzian zigortutako gazteen artean lekualdatzeke falta den bakarra.

 

"Proportziorik gabeko zigorrak"

Preso daudenei bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zizkieten ekainean —Ainara Urkijori bi urtekoa—. 2016ko urriaren 15eko goizaldean taberna bateko kanpoko aldean kalez jantzita zeuden guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik zigortu zituzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!