UGTk eta Comisiones Obreras sindikatuek sinatu eginen dute zuzendaritzarekin aldi baterako lan erregulazio espediente hori. Bi sindikatuek esan dutenaren arabera euren eskaera gehienak onartu ditu enpresak. Zein eskaera egin dute gehiengoa duten bi sindikatu horiek? Bada, alde batetik, lantokiak itxita egon behar badu zortzi egunez, jarraian izanen direla; soldatak enpresak konpentsatuko dituela %100 eta ez duela esku hartuko langileen erretiroan.
Zuzendaritzak atzo jarri zien mahai gainean sindikatuei dokumentua. 4.800 langileri eraginen dien aldi baterako lan erregulazio espedientearen nondik norakoak jasotzeaz gainera, 2019rako aurreikusitakoa ere bildu zuen. Hala, heldu den urterako 340.000 auto ekoiztea izanen da Volkswagen multinazionalaren helburua Iruñeko lantokirako.
Lan erregulazioari dagokionez, enpresak adierazi zuen espero duela ekoizpena berreskuratu ahal izatea azaroa iristerako, hau da, 11.200 kotxe egitea ordurako. Izan ere, azaroan motorren arazoa konponduta izanen dela eta nahikoa motor iritsiko direla uste du zuzendaritzak. Garai hori iristen denerako, 150 behin behineko kontratazio egiteko aurreikuspena du enpresak, geldialdiari aurre egiteko asmoz. 150 langile horiek eginen lituzkete gainerakoen etenaldiak eta baita larunbateko jarduna ere.
Akordioa gaur bertan sinatzea espero dute UGT eta Comisiones Obreras sindikatuek. Biak pozik azaldu ziren atzoko negoziazioaren ondoren, beraiek egindako eskaera ia guztiak jaso dituztelako zuzendaritzako kideek euren dokumentuan ere. Bermeak eta lasaitasuna emanen dizkie akordioak langileei bi sindikatu horien ustez eta ahalik eta azkarren sinatzea espero dute.
Zuzendaritzak beraz lortu du UGT eta Comisiones Obreras sindikatuen oniritzia, eta gehiengo sindikala dute biek Volkswagenen. Ez du gainerako ordezkariena lortu, dena den. Comisiones Obreras sindikatuko Eva Ziaurrizekin hitz egin dugu. Akordioa, erdietsi zitekeen onenetakoa dela esan du. Langileek ondorio txikia pairatuko dute, besteak beste, enpresak ordainduko dielako osagarrien %100. Eta diru publikoa erabili behar izatea langabezian geratuko diren egun horiek ordaintzeko, hori, beraien esku ez dagoela esan du Ziaurrizek:
Irailaren 3an itxiko ditu ateak Landabengo lantokiak. Zortzi egunez izanen ditu itxita, irailaren 13ra arte. Gasolina motorren eskasiak eragin du Volkswagen enpresak ateak itxi behar izatea. Autoak osatu gabe geratzen ari zaizkio Landabengo lantokian eta enpresak itxiera iragarri zuen abuztuaren hasieran.
Diru publikoarekin ordainduko da "planifikazio eza"
ELA eta LAB sindikatuek ez dute onartzen langileei eta nafarroako herritarrei eraginen dien lan erregulazio espedientea. Hornidura-plangintzaren akatsari aurre egin nahi dio zuzendaritzak langileen soldata eta diru publikoa erabiliz. Horixe da bi sindikatuek salatu dutena. Uste dute, beste alternatibak badaudela.