ETB-2ren seinalea irailean iritsiko da Nafarroa osora

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 29a, 12:15

Nafarroako Gobernuak gaur onartu du LTDko kanal autonomikoaren erreserba euskal erakunde publikoaren gaztelerazko kanalaren estaldura handitzeko. Udan hutsik geratu da NTBk betetzen zuen kanala.

Nafarroako Gobernuak gaur goizeko ohiko bilkuran erabaki du, ETB-2ren seinalea emateko, udan hutsik geratutako LTDko kanal autonomikoa (NTB) erreserbatzea, Abian Komunikazio SL merkataritza-etxeari lizentzia baliogabetzeko espedientea amaitu ondoren, 2016ko urriaz geroztik esleituta zuen kanalean inolako emankizunik ez egiteagatik.

Modu horretan, euskal erakunde autonomikoak gazteleraz ematen duen kanal orokorraren seinalea irailetik aurrera sintonizatu ahal izango da foru-lurralde osoan, 26. kanalean (Nafarroako multiple autonomikoa), 2016ko udazkenaz geroztik ETB-1ekin gertatzen den moduan, EiTBren euskarazko kanal orokorra. 2016ko uztailaz geroztik, ETB-2 ikus zitekeen tokiko LTD duten merindade-buruetan: Iruña (38. kanala), Lizarra (24, kanala), Zangoza (45. kanala), Tafalla (31. kanala) eta Tutera (39. kanala) eta hiri horien inguruko herrietan.

EiTBren emisioak LTD bidez 2016ko uztailean hasi zirela normalizatzen, Nafarroako Gobernuak lortutako lehen akordioari esker. Modu horretan, Foru Komunitateak dituen toki estaldurako bost multipletan dauden kanal hutsen bitartez zabaltzeko aukera eskaini zen (multiple bakoitzak, tokiko estaldura edo estaldura autonomikoa izan ala ez, telebistako lau kanal aldi batera emateko baimena du).

Handik bi hilabetera, irailean, 2013an lehiaketa bidez lizentzia jasotako kanal autonomikoari operadore batek (Vaughan Radio SL) uko egin ondoren, Foru Exekutiboak onartu zuen 2016ko uztaileko lehen erreserba aldatzea eta ETB-1en seinalea multiple autonomikora pasatzea; era berean, Nafarroako hiriburuan eta alboko herrietan ETB-2ren seinalea ematen jarraitu zen, eta Nafarroako LTDren beste lau tokiko mugapenetan ETB-2 eta ETB-3 eskaintzen jarraitu zen.

2018ko maiatzean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak Abian Komunikazioa SL enpresak ere 2013an lortutako LTD autonomikoaren lizentzia indargabetzearen inguruko 19/2018 Foru Agindua sinatu zuen, 2016ko urriaz geroztik emankizunik ez egiteagatik, eta, horri esker, Nafarroako Gobernuak EiTBrako bigarren kanal baten erreserba handiagotu ahal izan du orain multiple autonomikoan.

ETB-3 baita ere Iruñerrian

Gaur Foru Exekutiboak hartutako akordioaren bitartez, 2016az geroztik tokiko mugapenetarako zeuden erreserbak ere aldatuko dira, ez baita beharrezkoa ETB-2 tokiko multipleen bitartez ematea.

Modu horretan, Nafarroako hiriburuan eta horren eragin-eremuan, irailetik aurrera ETB-3ko programa hartu ahal izango da; hau da, batik bat haurrei zuzendutakoa eta euskaraz eskaintzen dena.

Foru Komunitateko LTDko gainerako tokiko lau mugapenetan (Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera), ETB-3 sintonizatzen jarraituko da, 2016az geroztik egiten den moduan, eta Nafarroako Gobernuak erabaki du ETB-2 emateko azken bi urteetan gordetako kanala liberatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!