Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak Batxilergoko IX. Eztabaida Lehiaketarako deialdia egin dute, eta urriaren 26an eta 27an egingo da. Txapelketa honetarako izen-ematea Nafarroan Batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeei zuzenduta dago (publikoak eta pribatuak), eta, aurten lehenbiziko aldiz, aukera egongo da lau ikastetxek gehienez eztabaida euskaraz egin dezaten. Gaztelaniazko modalitatean, gehienez 16 talde onartuko dira, aurreko urteetan bezala.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek “online” eskaera bat (gaztelaniaz edo euskaraz) bete eta aurkeztu beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunearen bidez, irailaren 27ko 14:30 baino lehenago. Parte hartuko duten ikastetxeak izen-ematearen hurrenkeraren arabera hautatuko dira.
Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleek osatuko dute taldea. Gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko ditu talde bakoitzak. Kideetako bat kapitaina izango da. Lehiaketaren oinarriak eta araudia Kultura eta Kirol Unitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Gainera, urriaren 19an eta 20an prestakuntzako zenbait saio egingo dira ikastetxeentzat, eta horietan zalantzak plazaratu ahalko dituzte.
Lehiaketa hau NUP eta Nafarroako Parlamentua Unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Batxilergoko 2. ikasmailako gazteei zuzendutako prestakuntza eta lehiaketa gisa proposatzen da lehiaketa. Aukera ona da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, gaitasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako zeharkako zenbait gaitasun edo gaitasun orokor osatzen dituzte.
Lehiaketaren garapena
Taldeak elkarrekin lehiatuko dira, aldez aurretik zozketaren bidez esleitu diren aurkako jarrerak defendatuz gai beraren inguruan. Lehiaketan hitz egiteko txanda itxiak daude (sarrera, bi eztabaida-txanda eta ondorioak), eta talde bakoitzaren txandak 17 minutu iraungo du, gehienez ere. Urriaren 5ean jakinaraziko da zein izango den lehiaketako eztabaidarako gaia, Unibertsitatearen webgunean.
Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik onenak, taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna, interesa eta erraztasuna, segurtasuna eta gaia menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean.