Larunbatean eman zen gertakizuna, 2016ko Sanferminetan emakume bat taldean bortxatzeagatik zigortutako zenbait kide, udaleko langile batek lagunduta, Palomares del Rioko udal igerilekuetan sartzean. Bertan ziren herritarrek bortxatzaileak ezagutu zituzten, eta hauen presentziak liskarra eragin zuen. Udaleko langileak futbol zelai ondoko instalazioetara eraman zituen bortxatzaileak, eta bertan geratu ziren igerilekua itxi arte.
Palomares del Rioko Udalak informatu du jasotako gertaeraren gainean. Egindako adierazpenen arabera, herrian ez dute onartuko udalbatzak ‘non grato’ deklaratutako norbanakoek instalazio publikoen erabilera egitea. “Ez dugu onartuko Palomares del Rio bortxatzaile eta gaizkileen babesleku bilakatzea, ezta mota honetako bisitariengatik gure herritarrak urduri sentiarazi behar izatea”, azaldu du Juana Caballero herriko alkateak. Udaleko langileari informazio-espedientea ireki diote, bortxatzaileen onurarako instalazio publikoen erabilera ezegokia egin izanagatik dituen erantzukizunak argitzeko.