Maravillas gaztetxearen hustearen kontrako mezuak nonahi dira Navarreria kalean. Gaztetxearen balkoietatik zintzilik pankarta erraldoiak. Gaztetxea husteko aukera entzuten hasi zenetik, bertan diren gazteek hausnarketa prozesua abian izan dute. Itxiak izan dira Maravillasen ateak. Baina modu horretan ezin izan dute aurrera egin eta bihartik aurrera ohiko egitekoetara pasako direla iragarri dute.
Gobernuak huste ordenatua egiteko deia egina du. Memoria Historikoaren gune bilakatzeko asmotan omen da. Dena dela, elkarrizketarako prest azaldu da Maria Solana bozeramalea. Maravillasen aldekoek diote, bien arteko elkarrizketa izateko, husteko agindua erretiratu beharko luketela. Maravillasen dauden gazteek nabarmendu dute jende askoren babesa jasotzen ari direla: norbanakoak, elkarte ugari, auzokideak … Gaztetxean hasitako bidea egiten segitu nahi dute.
Manifestazioa 25ean
Ateak zabalik izanen ditu bihartik aurrera Maravillas gaztetxeak eta 24 orduko zaintzak egiten segituko dute. Gaztetxea defendatzeko beste dei hau ere egin dute: "Gaztetxea defendatzeko abuztuaren 25ean manifestazioa eginen dugu Iruñean". Maravillas gaztetxea gune sozial autogestionatua izaten segitzeko nahia aldarrikatu dute beste behin herritarrek.