Tafallako hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko 11'3 milioi euro inbertituko ditu gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko uzt. 19a, 09:45

Argazkia: Tafallako hegoaldeko saihesbidearen I. fasearen proiektuaren planoa.

Heldu den urtean eginen dituzte obrak eta 15 hilabeteko iraupena izanen dute.

NA-132 errepidearen bitartez, Nafarroako erdigunearen mendebalde-ekialdea egituratzen da. Lizarran hasi eta Zangozan amaitzen da, eta Erdialdeko herri ezberdinak komunikatzen ditu. Gainera, Foru Erkidegoko gaitasun altuko hiru bide nagusiren arteko konexioa eskaintzen du: A-12, AP-15 eta A-21.

Gaur egun, NA-132 errepideak Tafallako hirigunea zeharkatzen du, eta, bertan, auto-ilara garrantzitsuak sortzen direnez eguneko ordu jakin batzuetan, ekialde eta mendebalde arteko eta alderantzizko joan-etorriak egiteko denbora gehiago behar izaten da. Eta garrantzitsuena da Tafallako herritarren bide-segurtasunean eragina duela.

Saihesbide berriarekin Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzaileko (2010-2018) 189. jarduera gauzatuko da; plana Nafarroako Parlamentuak onartu zuen 2010eko urrian. Bidea bi fasetan zatitu da, I. Fasea eta II. Fasea, proiektuak idazte eta obrak gauzatze aldera. 

Obren deskribapena

Proiektuaren barnean, trazadura berriko errepidea eraikiko da, NA-132 (Lizarra-Zangoza) eta NA-6140 (Tafalla-Miranda Arga) arteko egungo elkargunean hasi eta N-121 (Iruña-Zaragoza) errepidearekin konektatzen den lekuan amaitu arte, AP-15 autopistarekiko bidegurutzearen inguruan. Saihesbidearen hasiera nahiz amaiera biribilgune bidezko elkargune eran egingo dira.

Halaber, proiektuaren barnean, beste biribilgune bat sartzen da La Nava industrialdean, N-121, NA-8602 (Oliteko zeharbidea) errepideen eta poligonorako sarreraren arteko elkargunea konpontzeko.

Saihesbideak guztira 2.850 m-ko luzera izango du eta 3,5 m-ko 2 errai eta 1,5 m-ko bazterbideak bi bazterretan. Lubeten inguruan, m 1eko bermak jarriko dira bazterretan; aldiz, erauzketa-zonetan, 2 m-ko zabalerako arekak gehi m 1eko bermak erauzketaren oinean. Biribilguneen sekzio tipoa bakoitza 4,5 m-ko bi erraik osatzen dute, 1,5 m-ko kanpoko bazterbidearekin, 0,5 m-ko barrukoarekin eta 0,75 m-ko kanpoko bermarekin. Bide-zoruan, 15 cm-ko nahasketa bituminosoa jarriko da eta 20 cm-ko zementu-zorua, hobetutako eta E3 motako zabalgunearen gainean.

Bidearen zeharkako iragazkortasuna bermatu eta barrera efektua ahalik eta gehien gutxiagotzearren, hiru egitura proposatu dira maila ezberdinean, eta, horri esker, errepide berria gurutzatu ahal izango da dagoen bide-saretik. Goiko bi pasabide dira, bat 0+690 pk-n eta bestea 2+660 pk-n, eta beheko pasabidea 2+020 pk-n. 

Proiektuan hamaika bide eta kaltetutako hainbat zerbitzu berrituko dira, saihesbidearen trazadurak eragozteagatik: aireko 3 linea elektriko, telefoniako 5 kanalizazio, gas-sarearen 3 afekzio,   Mairagako Mankomunitateko hornidura-sarearen 3 afekzio, euri-uren hornidura-sarearen afekzio 1, Aguacanal-eko ureztatze azpiegituraren 6 afekzio, Ureztatzaileen Komunitatearen ubide-sarearen 4 afekzio eta argiteria-sarearen 2 afekzio, bat Tafallako Udalekoa eta bestea Audenasarena.

Obra osagarri hauekin, soinutik babesteko 300 m-ko luzerako eta 3 m-ko altuerako pantaila jartzea pentsatzen da saihesbidearen enborraren eskuineko aldean, 0+225 eta 0+52 pk artean; halaber, argiak jarriko dira N-121 errepidearekiko elkargunean eta La Nava poligonoarekiko elkargunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!