Datorren ostiralean, uztailaren 20an, Erriberriko XIX. Antzerki Jaialdia hasiko da, horizonte berrietara irekitako programazio batekin. Programazioa, antzerki klasikoan inspiratua, garai eta joera eszeniko guztietara zabaldu da. Jaialdia Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatzen dute. Aurtengoan, abuztuaren 4ra arte iraungo du, eta Europako eta Latinoamerikako egileak eta taldeak izango dira bertan.
La Cavako ikuskizunak
Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendari gonbidatu bat izango du: Alfonso Zurro. Bere azken sorkuntza, “Luces de Bohemia” (1924), aurkeztuko du, Ramón María del Valle Inclán-ena, bai eta bere lanik sarituena ere, William Shakespeare-ren “Hamlet” (1599). Bi ekoizpenak Sevillako Antzerki Klasikoarenak dira.
Nazioarteko proposamenen artean, Frantziako La Piccola Familiak “Arlequin poli par l’amour” (1720) (“Maitasunak leundutako arlekina”) ekarriko du. Obra frantsesez dago, eta gaztelaniazko azpidatziak izango ditu. Lehen aldiz aurkeztuko du obra bat Espainian Thomas Jolly zuzendari gazteak, eta Avignongo Jaialditik zuzenean iritsiko da Erriberrira. Avignonen eskaintzen ari den Senekaren “Tiestes” obra nazioartean ari da arrakasta izaten. Hamar urte baino gutxiagoan, etorkizun ederreko zuzendaria izatetik zuzendari entzutetsu izatera pasatu da Jolly. Testu ospetsuak (Shakespeare, Seneka) munstroaren figuran ardazten ditu, eta antzeztu ezin dena antzeztearen zailtasunean. Haren ikuskizunak muturrekoak dira, bai formari dagokionez, bai iraupenari dagokionez. Bere La Piccola Familia konpainiarekin, arte politikotzat jotzen du antzerkia, eta beti saiatzen da historia arakatzen pertsonen eta, haietaz harago, haien erakundeen barruan dagoena zalantzan jartzeko.
Nazioarteko konpainiekin jarraituz, Mexikoko Los Colochos konpainiak “Mendoza” aurkeztuko du —obra horrek Almagro Off saria jaso zuen 2014an—. Nazioartean 4 urtez ibili ondoren, Erriberrin itxiko du Europako bira, eta hau izango da ekoizpen horren azken funtzioa. Argentinako Índigo Producciones-ek, berriz, “La Fiesta del Viejo” eszenaratuko du, “Rey Lear”-en oinarritua.
Horietaz gain, Madrilgo Venezia Teatro konpainiak “Tartufo, el impostor” (1664) aurkeztuko du, gaztelaniaz, Pedro Víllora-ren bertsioan, eta hura izango da ekoizpen horren azken funtzioa.
Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionalak (CNTC) eta Nao d’amores-ek “Comedia Aquilana” (1485) aurkeztuko dute, Ana Zamoraren zuzendaritzapean. Laurentzi Producciones-ek “El hermano de Sancho” ekarriko du Erriberrira. La Cavan egingo den jaialdiko azken ikuskizuna Sara Caleroren “Fandango Street” dantza flamenkoaren ikuskizuna izango da.
La Cavatik kanpo
Jaialdiak berriro hartuko ditu Errege Jauregiko zenbait areto eta Erriberriko zenbait gune publiko, ikuskizun hauekin: “Bandada de amores en rock y versos” olerki-kontzertu eta -errezitala, En Rumbo Teatro-ren eskutik; “Gris/Mar”-en antzezpenak, José Padillak zuzenduta; eta “Poética Teatral”-en proposamenak: “La Trovairitz”, Montse Zabalza eta Peio Otanorena; “Como las cenizas por el fuego”, Iralei Teatroarena; “Polvo serán… mas polvo enamorado”, La Nave Teatroarena; eta “Tres tristes tigresas”, Atikusena.
Horrez gain, Erriberriko herritarrek bi antzerki-esperientziatan har dezakete parte: “Negua” eta “Vecindarios”. Berriro ere, arte dramatikoko hiru eskolatako ikasketa-amaierako lanak aurkeztuko dira Tafallako Kulturgunean. Nafarroako Antzerki Eskolak “Eché mi corazón a freír en la sartén” aurkeztuko du, Angélica Lidell-ena. Bordeleko Antzerki Eskola Nazionalak, Joven Compañía de Teatro Clásico-ko aktoreekin, Calderón de la Barcaren “La vida es sueño” eskainiko du. Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolak, berriz, Federico García Lorcaren “Así que pasen cinco años” aurkeztuko du.
Jarduera paraleloak
Jaialdiaren programazioan, Nafarroako aktoreei zuzendutako lantegi bat ere badago: “Creación e interpretación en el personaje”. Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra egingo da, Erriberriko Kulturetxean. Lantegia Alfonso Zurrok emango du, jaialdiko aurtengo zuzendari gonbidatuak. Horrez gain, ikastaro bat ere emango du, interpreteetatik beraietatik abiatuta pertsonaiaren sormenezko bilaketaren ikerketa praktikoan oinarritua. Zurrok “Teatro Popular” topaketa ere eskainiko du, edonorentzat irekia, Erriberriko Kulturetxean. Eta, egun horretan bertan, elkarrizketa-saio bat egingo da Jauregian, Mikel Zuzarekin, eta haren “Príncipe de Viana: el hombre que pudo reinar” liburuaren irakurketa dramatizatuak egingo dira.
Gainera, hirugarren urtez segidan, lan-egonaldi bat eskainiko zaio Nafarroako konpainia eszeniko bati, proiektu artistiko bat garatzeko ikerketa-laborategi gisa planteatua. Kasu honetan, In Extremis konpainiak egonaldi bat egingo du uztailaren 20tik abuztuaren 5era Erriberriko Ikastetxe Publikoko erabilera anitzeko gelan. Abuztuaren 3an, edonori irekitako topaketa bat egingo da, haren “La prueba” proiektua aurkezteko.
Sarreren salmenta
XIX. edizioko ikuskizunetarako sarrerek salgai jarraitzen dute, www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com webguneen bidez. Baluarteko txarteldegian ere eros daitezke, abuztuaren 3ra arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera.
Erriberrin, Turismo Bulegoan-Ardoaren Museoan (Plaza de los Teobaldos 4) eros daitezke sarrerak. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara dago irekita. Gainera, La Cavan funtzioa dagoen egunetan ere har daitezke sarrerak, 19:00etatik ikuskizuna hasten den arte.
Interpretazio-eskolen zikloko ikuskizunetarako sarrerak Tafallako Kulturgunean eta Interneten bakarrik saltzen dira, guztiak 6 €-tan.
Prezioa desberdina da obren arabera (La Cavako ikuskizunak edo Armen Patiokoak), eta egunaren arabera (ostirala eta larunbata, edo igandetik ostegunera). Jaialdiak zenbait motatako abonuak ere eskaintzen ditu.