Barrakak Ziudadelako hobietara eramatea proposatu du Joseba Asiron alkateak, sanferminei buruz egindako balantzean; zehatzago, Ziudadelako ekialdeko aldera, Armadaren etorbidetik gertu.
Asironen hitzetan, "harmonia" sortuko luke "barrakak hiriko gainontzeko espazioekin bateratzeak". Gainera, horrek "arindu" eginen lituzke Arrotxapeko aparkalekuak.
“Zabaldutako herri eskaria” dela esan du alkateak, bai eta barraketako arduradunek eurek hori nahi dutela ere; halaber, Miserikordia etxeak ere babesten duela gogorarazi du.
Erabaki parte hartzailea
Udalak, sanferminetako mahaiak, herritarrek eta MECA izeneko erakundeak, barrakak kudeatzen dituenak, parte hartuko dute barraken kokagunearen inguruko eztabaidan, eta asmoa da erabakia heldu den urterako hartzea, 2019ko sanferminetarako. Irailean izanen litzateke eztabaida publikoa, iragarri dutenez.