'Sanfermintza' saioa, egunero, Herri Sanferminen gunetik

Euskalerria Irratia 2018ko uzt. 10a, 09:31

Argazkia: Juan Kruz Lakasta kazetaria, Sagrario Aleman euskaltzalea, Lohitzune Zuloaga soziologoa eta Saioa Alkaiza kazetaria.

Elkarrizketak, musika, emanaldiak, gure kolaboratzaileen solasaldiak eta sorpresa mordoa izanen dugu, uztailaren 6tik 13ra, 12:00etatik 14:00etara, O plazatik, zuzen zuzenean, Xaloarekin elkarlanean.

Herri sanferminen gunetik, O plazatik,  Sanfermintza saioa eskaintzen ari gara, hirugarren urtez, bestaren unean uneko errealitatearen berri emateko; dena, zuzen zuzenean. Elkarrizketak, musika, emanaldiak, gure kolaboratzaileen solasaldiak eta sorpresa mordoa izanen dugu, uztailaren 6tik 13ra, 12:00etatik 14:00etara.

Bermutaren orduan, bertara joanda, irratsaioa ikusi eta entzuteko aukera paregabea izanen da, baina, ez hori bakarrik: bertaratzeko aukera izan ezean, www.euskalerriairratia.eus webgunean eta FMko 98.3 dialean ere izanen gaituzue. Kaleak, uhinak eta sarea hartuko ditugu, eta hori guztia Xaloa telebistarekin elkarlanean, beraz, bertan ere programa oso-osorik jarraitzeko aukera dago.

Sona handiko musikariak, entzierroko korrikalariak, peñetako kideak, herri mugimenduetako partaideak, bat-batekotasunean maisu diren bertsolariak, zaildutako kirolariak, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariak… Hitz batean: sanferminzaleak. Bestaren aurpegi guztiak bilduko ditugu oholtza gainean, irratiko kazetarien gidaritzapean, Juan Kruz Lakasta, Pello Argiñarena, Txari Eleta eta Saioa Alkaiza izanen baitira emanaldia bideratuko dutenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!