Sanjurjo generala erorien monumentura bueltatu dadin nahi dute epaitegiek. Hala adierazi du Iruñeko Probintzia Auzitegiko sententziak, izan ere, "kultu pribatuko lekutzat" hartu dute erorien monumentua, eta ez "hilerritzat".
Udalaren zerbitzu juridikoek, baina, udalaren jabetza dela oroitarazi dute, eta, iragarri, helegitea jarriko dutela, ez baitute bat egiten epaitegiek egindako irakurketarekin. Diote ez dela kanposantu bat, eta, beraz, inork ez duela eskubiderik kripta xede horrekin erabiltzeko.
Sanjurjoren sendiaren nahia
Bestelakoa guztiz epaitegien ustea: gorazarren egiten ez zaien bitartean, oroitza lekua izan daitekeela dio autoak, beti ere "oroitza pribatuak". Bestalde, ez dio indarrik aitortzen Iruñeko Udalak eta artzapezpikutzak erdietsi zuten akordioari.
Sanjurjoren sendiak jo zuen epaitegietara, general frankistaren gorpuzkiak erorien monumentura bueltatu daitezen, Melillan baitaude egun, udalak 2016an, orain bi urte, atera zituenez geroztik.
Aurretik ere izan zen hilobitik ateratzearearen kontrako saiakera, baina orain Sanjurjoren familiari arrazoia eman zion epaimahai berak atzera bota zuen.
Pedro Sanchezen gobernuak Franko diktadore genozida deshilobiratuko duela iragarri duenean dator erabakia, eta Espainiako estatuan ur uherrak daudenean, polemika medio.