Aquarius ontziko bederatzi migratzaileak ostiral gauean heldu ziren Agoitzera. Nigeriakoak dira, gizonezkoak, gehienak gazteak, eta osasun egoera onean daude, Agoizko alkate Unai Lakok Euskalerria Irratian azaldu duenez: "Lehen balorazioa egin zaie, laguntza medikua eta psikologikoa eskaini zaie, eta dagoeneko herria ezagutzen ari dira. Asteburuan jada Ortzadar dantza taldearen ikuskizuna ikusi zuten, eta hori garrantzitsua da, kalea ateratzea,bisibilitatea izatea".
Agoitzek lehendik ere errefuxiatuak hartu izan ditu, Nafarroako Gobernuarekin, Espainiako Gobernuarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean. Errefuxiatuak Nasuvinsak Agoitzen dituen etxebizitzetan hartzen dituzte. Lehen aurreiritziak gainditu eta gero, batere arazorik ez dela izan nabarmendu du Lakok.
Harrera programak hiru fase ditu. Lehenean, errefuxiatuen lehen balorazioa egiten dute, etxebizitza eskaintzen diete, eta laguntza medikua eta psikologikoa ematen diete.
Bigarrenean, ingurua ezagutzen eta horretara egokitzen laguntzen zaie, besteak beste, hizkuntza klaseen bidez. Eta hirugarrenean, autonomia lantzen da, lana lortzen eta etxebizitza bat alokatzen lagunduz.
Egun, Agoitzen, Aquariuseko bederatzi errefuxiatuak lehen fasean dauzkate, eta Siriako bi familia, bigarrenean.