Martxela Abarzuza izan da Jaranaren 'Bombo' saria jaso duen pertsona, Santo Domingoko maldan daukan Abarzuza liburu dendan egindako lanarengatik, eta "eguneroko konpromisoarengatik". Sanferminetako entzierroaren aurretik egiten duen lana izan dute gogoan: "Egunero, kapote gisa erabiliko duten egunkaria erosten dute korrikalariek, eta hainbat objektu pertsonal gordetzen dizkie, sakelakoak eta giltzak, esaterako", adierazi du La Jarana peñak.
Horrez gainera, nabarmendu dute emakumezkoa dela saritutakoa, eta, hain zuzen sanfermin hauetan, "berdintasunean" oinarritutako jaiak aldarrikatu nahi dituztela. Iaz, Juan Martinez de Irujo izan zen saritutakoa.
Entzierroaren lasterketa
Entzierroaren XXXV. lasterketa antolatu du Jarana peñan, uztailaren 1erako, entzierroaren ibilbide berbera izanen duena. 10:30etatik 12:00etara izanen da, makina bat kategoria daude eta: herrikoia, egokitutakoa, gazteak, txikiak... baita federatuta daudenentzat pentsatutako modelitatea ere.
Iaz, 500 pertsonatik gora aritu ziren eta Ayrton Azcue Vigor eta Alicia Carrera izan ziren irabazleak.