Juanito Etxepare izan zen lehen txupinazoa bota zuena, errepublikazalea eta Iruñeko kale nagusiko estankoko langilea, hark piztu zuen metxa, 1931an. Ordura arte, era anonimoan petardo zenbait pizten zituzten Gazteluko plazan, baina Etxepare izan zen bestelako garrantzia eman ziona.
Peñen Federazioak eta Memoriaren Autobusak Txupin Etxepare saria sortu zuten, omentzeko, eta, aurten, sanfermines78 Gogoan kolektiboari eman diote, "egia, justizia eta erreparazioa defendatzeko egindako lanarengatik".
Urteurrena dela eta
40 urte dira German Rodriguez hil eta beste hamaika lagun errepresaliatu zituzten sanferminetatik, eta, hori dela kausa, urteurrenaren harira, omendu nahi izan dute elkartea.
"Haiek aldarrikatzen eta kondenatzen dituzte orduan gertaturikoak, jende askoren ordezkari izanda, guztiontzako sari bat da, jende asko ordezkatzen duena, beraz, guztiontzako sari bat da, eta orduan egiten ari ginen lanari emandako saria, guztiz aldarrikatzailea", esan du Ana Barrena Memoriaren Autobuseko kideak.