Kalean daude, behin behinean, 2016ko talde bortxaketako erasotzaileak, Nafarroako justizia auzitegiak hala erabakita. Iruñeko Udalak helegitea jarriko du, "oso larria" baita gertatutakoa. "Elkartasuna eta maitasuna" adierazi dizkio Joseba Asiron Iruñeko alkateak erasotutako emakumeari.
Alkateak ez du alarma soziala piztu nahi sanferminen atarian, ez behintzat ohikoa den kezkaz harago: "Ez dut kezka berezirik, normala den kezkaz harago. Guretzat beti kezka izan da lortzea hiri seguru bat gizonezkoentzat, zein emakumezkoentzat, eta horretan jarraituko dugu".
"Ziur naiz berriro ere Iruñeko hiritarrak bere tokian egonen direla, haiek izan ziren Iruñea kokatu zutenak eraso sexisten aurka, estatu mailan, abangoardian", adierazi du, jaietara begira.