Legealdia amaitu aurretik Emakumeen Etxea sortu dezan exijitu diote Iruñeko Udalari

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 21a, 07:53

Argazkia: Iruñeko Emakumeen Etxearen batzarreko kideak, udaletxe aurrean, etxea eraiki dadin eskatzeko prentsaurrekoan.

III. Berdintasun planean eta laukoaren akordio programatikoa zegoen egitasmoa, eta, horregatik, ez egitekotan, udalak "gizarte erdiari" bizkarra emanen liokeelakoan dago Emakumearen Etxeko Batzarra.

Legealdia amaitu aurretik, Emakumeen Etxea sortu dezan exijitu dio Iruñeko Emakumeen Etxearen batzarrak udalari, izan ere, III. Berdintasun planean aurreikusita dago egitasmoa sortzea, baita laukoaren akordio programatikoan ere; sortu ezean, "gizarte erdiari bizkarra emanen lioke udalak", Nerea Perez batzarraren bozeramaileak irakurritako testuaren arabera. 

Udalak 2018ko Inbertsio Finantziero Sostengarrien aurrekontuaren %8'2a proiektura bideratu dezan nahi dute, hau da, 500.000 euro. Diru horrekin, autobus geltoki zaharrean 350 metro koadroko espazioa egokitu nahi dute, goiko eta beheko solairuan.

Emakumeen sinergiak oinarri

70 emakumek eta 30 kolektibok osaturiko batzarrak sei hilabete daramatza Emakumearen Etxearen parte hartze prozesuan. "Emakumeen artean behar diren sinergiak sortuko dituen eta hiriko emakume guztien ahalduntzea, ikuspegi feminista batetik, bultzatuko duen proiektu baten prestakuntzan gabiltza", esan dute. 

Hiriarentzako "beharrezko proiektua" delakoan daude, "aldaketa une historikoan" baikaude, "edozein eratako indarkeria amaitzeko borrokan eta hiri feminista lortzeko eraldaketa sakonean", eta horren adibidetzat jo dute martxoaren 8ko greba feminista. 

Ekintzen eskean

"Hitzetatik ekintzetara" pasatzeko ordua dela diote, eta konpromisoa eskatu diote udalean ordezkaritza duten alderdi politiok guztiei, baliabideak jar ditzaten, emakumeen etxea eraikitzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!