Sanferminetako egitarau ofiziala, udalak eta 58 eragilek egina

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 20a, 13:57

Argazkia: 59 elkarterekin elkarlanean diseinatu du Iruñeko udalak 2018ko sanferminetako programa.

490 ekitaldi daude guztira, eta 1'36 milioi euroko aurrekontua, iaz baino %6 handiagoa. Hemen ikus daiteke osorik

490 ekitaldi izanen dira aurtengo Iruñeko sanferminetako egitaraua ofizialean, iaz baino gehiago, 425 izan baitziren. Eta elkarlanean prestatu dute udalak eta eragileek egitaraua, 58 elkartek eta kolektibok parte hartu baitute aurtengo diseinuan.

Eta ekintzak gora bai, baina ez hori bakarrik, aurrekontua ere handitu egin dute eta, %6an, 1'3 milioi eurokoa baita –hori bai, kontratazioak eta azpiegiturak kontuan hartuz gero, 2'24 milioi eurokoa-. Adin guztietarako eskaintza dago.

Kirol ari, gune berria

Nabarmenena, eta estreinakoz izanen duguna: Kirol Ari izeneko gunea, 11 kirol federaziorekin batera antolatutakoa, 8 eta 14 urte arteko nerabeentzat. Media Luna parkean kokatuta egonen den kirol gunea da; kirolak, askotarikoak: piragua, herri kirolak, hipika, futbola, taekwondoa…

Eta bestelakoetan, gazte aukera ere handitu da, Foruen plazakoa, 12 eta 17 urte artekoei zuzendurikoa. Karaokeak, aparraren besta, gizakien futbolina, musika emanaldi asko eta beste. Joseba Asiron Iruñeko alkateak denei egokitutako programaren transbertsalitatea izan du gogoan.

Berrikuntzak eta klasikoak

Berrikuntzak egonagatik, ohiko klasikorik ez da faltako, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa edo herri kirolak, kasu. Horrez gainera, bertso emanaldiak, Sarasate pasealekuan; jazza, konpainia; dantzaldiak, Gurutze plazan eta Gazteluko plazan; txotxongiloak, kalean… "Estereotipoetatik harago", iruindarren sanferminak "berreskuratu" behar direlakoan dago alkatea.

Literatura hizpide duen programa

Gaur, programa aurkeztu dute, paperezko formatuan, 74 orrialde dituen liburuxka mardula. Berrikuntza: ez dagoela argazkirik. Javier Erreak eta Jon Alonsok nazioarteko egileen 28 errelato labur erabili dituzte, sanferminetatik zerikusirik ez dutenak; horietatik, hainbat hitz ezabatu dituzte, sanferminekin harremana izan dezaketen hitzak baino ez utziz. Eta hala, autore klasikoen obretatik bestari buruzko kontakizunak egokitu dituzte, kolore zuri gorrian idatzirik.

Gorriz ipini dute borratu dutena; zuriz, erabili nahi izan duten testua. Autotu dituzten egileak: Franz Kafka, George Orwell,  Gabriel Garcia Marquez, Pedro Axular, Mary Shelley, Katherine Mansfield, Jane Austen… 

Zezen feriaren informazioa dauka, entzierroaren arauak, erraldoi eta buruhandien ibilbidearen informazioa, baita Iruñea, eraso sexistarik gabe kanpainaren xehetasunak ere, besteak beste.

Ekainaren 27an jarriko dituzte programak salgai. 10.000 ale daude, euskaraz eta gaztelaniaz, bi euroan, eta liburu dendetan, Turismo bulegoan eta tombolan erosten ahalko dira.

Errea Comunikazioak sortu du diseinua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!