'Munstroa' betetzea falta da orain

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 20a, 13:12

Eserleku hutsak, frontoi erraldoia, festa giroko ikuskizunak antolatzeko sekulako aretoa eta oraindik prestaketa lanetan dauden Kirol Federazioak hartuko dituzten bulegoak. Horixe da une hauetan Navarra Arena pabiloia. Ikasturte berriarekin batera zabalduko ditu ateak eta irailean Kirol Federazioko langileak izanen bertan jardunean.

Munstroa betetzea falta da orain. Eserleku hutsak, frontoi erraldoia, festa giroko ikuskizunak antolatzeko sekulako aretoa eta oraindik prestaketa lanetan dauden Kirol Federazioak hartuko dituzten bulegoak.

Ordu betez ibili gara komunikabideotako kazetari eta argazkilariak Navarra Arena pablioian gora eta behera parlamentariekin batera. Pabiloian langileak ari dira jo eta su irailerako amaitua egon dadin lanean. Kirol Federazioko bulegoak eraikitzen eta hornitzen. Baina baita areto nagusiak ontzen ere: irristakorra izanen ez den lurzorua jartzen ari dira, komunetako istalazioa amaitzen, aparkalekuak egokitzen eta hautsa kentzen ere ikusi ditugu. Eta alde batetik bestera joan ahal izateko, patinetean ibili ohi dira langile horiek. Horrek erakusten du azpiegituraren handitasuna. Hiru mila lagunek izanen dute aukera pilota partidoa ikusteko, eta hamar mila lagunek ikuskizunak gozatzeko.

Azpiegitura erraldoia

Azpiegitura horren lanen adjudikazioa 2008. urtean egin zen. 60 milioiko inbertsioa behar zuen azpiegitura erraldoi hark. 2014ko irailean amaitu ziren lanak, hiru urteko atzerapenarekin, baina Navarra Arenaren ateak ez dira oraindik zabaldu. Eta eraiki, eraikita dago. Eraikinak 400.000 euroren gastua eragiten dio administrazioari urtean, argindarra, ura, gasa, segurtasuna eta zergak ordaindu behar baitira, pabiloia zabalik egon ala ez.

Azkenekoz, joan den udan egin zuen inbertsioa Gobernuak. 6,6 milioi euro falta ziren lanak ordaintzeko. Eta horretan ari dira. Kirol Federazioko bulegoak hartzeko aretoak eraikitzen eta eraikina hornitzen. Abuztuaren amaieran iritsiko dira bulego horietako langileak, eta hala, ikasturtea toki berrian abiatuko dute 100 langileek. Lehenengo ekitaldiak irailean hasiko dira. Pilota partiduaren finala, Rosendo eta Pablo Lopezen kontzertuak, Ene Kantak taldearen ikuskizuna edota El Circo del Sol taldearen emankizuna izanen dira. Dagoeneko 40.000 sarrera saldu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!