Leuzemiaren kontrako lasterketa gaur izanen da Burlatan

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 19a, 08:40

Hezur-muineko emaleen elkarteak, Domenak, eta Errugbi Federazioak zortzigarren aldiz antolatu dute minbizi mota horren aurkako herri-lasterketa. 20:00etan izanen da Burlatan. 

Hezur-muineko emale izatea oso erraza dela gogoraraziko dute beste urte batez. Zortzigarrenez lasterketa herrikoia antolatu dute Domena elkarteak eta Errugbi Federazioak. Leuzemiaren aurka ariko dira 20:00etatik aurrera Burlatako atletismo pistan. 

Adin guztietako herritarrek parte hartzeko aukera izanen dute aurten bereziki. Izan ere, haur eta gaztetxoek korrika ibili daitezen 100 metroko lasterketa pretstatu dute. Horretan parte hartzeko 9 urte baino gutxiagokoek emanen dute izena eta 400 metroko bestean 9 eta 14 urte bitartekoek. Lehenengoek doan izanen dute parte hartzeko aukera eta bigarren taldekoek 2 euroan. Lasterketa orokorrak berriz 5 kilometroko ibilbidea izanen du. Oraindik izen eman ez dutenek aukera izanen dute Burlatan bertan lasterketa baino lehen apuntatzeko. 

30 kasu atzematen dira Nafarroan

Espainian urtero 4.000 medula minbizi berri atzematen dira eta Nafarroan 30 izaten dira kasuak. Leuzemiak odola osatzen duten zelulak kaltetzen ditu eta horrek sortzen du minbizia. Kimioterapiaren bitarteko tratamendua da ohikoena baina beste askotan hezur-muinaren trasplantea beharrezkoa ere izaten da gaixotasuna sendatu ahal izateko. Zaila izaten da emalea aurkitzea: behar dutenen %25ak baino ez du topatzen. Izan ere, bateragarritasuna oso zaila izaten da aurkitzen. 

2007an 3.000 nafar ziren hezur-muineko emale eta egun, 12.463 dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!