Presorik gabeko sanferminak aldarrikatzeko manifestaziora deitu dute

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 18a, 08:35

Argazkia: Jorgue Olaiz eta Ikerne Indakoetxea preso ohiek irakurri dute Kalera Kalera dinamikaren manifestazio deialdia.

Bada garaia. presorik gabeko sanferminak leloa dauka uztailaren 4rako, 19:00etan, autobus geltoki zaharretik, Kalera Kalerak deituriko mobilizazioak; orain 40 urteko sanferminetan erabili zuten esaldi berbera da.

Bada garaia. Presorik gabeko sanferminak leloa dauka uztailaren 4rako Kalera Kalera dinamikak presoen askatasuna eskatzeko antolaturiko manifestazioak. Deitzaileek 1978ko sanferminak izan dituzte gogoan, German Rodriguezen erailketa eta Poliziaren jardun errepresiboa. Orduko hiriaren erralitatea zein zen azaldu dute Jorgue Olaiz eta Ikerne Indakoetxea preso ohiek: "Iruñerria, langile eta gizarte mugimendu indartsuekin, lan greba, manifestazio eta protesta ezberdinekin borborka ari zen. Haustura edo erreforma. Oligarkia frankistak, estatuaren aparatu guztiak, epaileak, korte frankisten kideak, poliziak, ejerzitoak eta guardia zibilak oinarrian 'statu quoa' zalantzan jarriko ez zuen erreforma zuten helburu".

40 urteko ibilbidea

Orduan, "askatasun demokratikoen alde" borrokan ari zen "antolatutako jendea": "Haustura demokratikoa. Indar errepresiboen desegitea, lan eskubideak eta eskubide sozialak, askatasun politikoak, Euskal Herriarentzako autodeterminazioa eta amnistia preso politikoentzat", horiek ziren eskatzen zituztenak. 

Orduko hura gogoan, ez da kasualitatea German Rodriguezen erailketatik 40 urte pasa diren honetan Bada garaia. Presorik gabeko sanferminak leloa hautatu izana, hori izan baitzen uztailaren 8an zezen plazan sartu zuten aldarrietako bat, amnistia eskariarekin batera. "Orduz geroztik, 40 urte hauetan Iruñeko kaleak presoen eta errefuxiatuen etxeratzearen aldeko borrokaren lekuko zuzenak izan dira", adierazi dute, bestelako sanferminak aldarrikarzearekin bat: "40 urte geroago, beste sanfermin batzuk ditugu. 2018a, gezurra dirudi. Ehunka euskal preso egoerari eusten ari dira, haien hurbilekoak, bisitak burutzeko milaka kilometro bidaiatzera zigortuak dauden bitartean. Estatu espainiarrak, bere klase politikoaren ustelkeria endemikoarengatik kirastua, erregea buru duela, termino demokratikoetan aldaketak burutzeari uko egin dio".

Aro politiko berria

"Aro politiko berrian" euskal preso politikoak etxeratze bueltatu behar dutela defendatu dute, "ahalik eta lasterren eta bizirik". "Ez dago aitzakiarik. Herri honek bakea eta askatasuna merezi du eta gure onena emanen dugu horretarako", ziurtatu dute. 

Manifestazioa uztailaren 4an izanen da, 19:00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!