Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak gaur eginen du batzarra 10:00etan erabakitzeko defentsarako abokatuak egindako eskaera: 2016ko sanferminetan talde bortxaketan parte hartu zuten bost gizonak aske uzteko eskatua du Agustin Martinez Bezerra abokatuak. Bosten artean hiru Iruñeko espetxean daude eta horiek epaitegian izanen dira gaur erabakitzen dena bertatik bertara ezagutzeko eta gainerako biak, guardia zibilak eta militarrak, bideokonferentziaz segituko dute. Epaia behin betikoa izan arte bost gizon horien abokatuek eskatu dute askatu ditzatela.
Alde guztiak daude deituak gaurko bistara: bost gizonen defentsarako abokatuak, akusazio partikularra eta baita herri akusazioa ere (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) eta baita Ministerio fiskala ere. Bista horren ondoren berehala hartu beharko du erabakia epaitegiak. Gaur ez bada bihar adieraziko du bost akusatuak libre uzten dituen edo espetxean segituko duten.
Abusu sexualagatik epaitu zituzten bortxaketa eragin zuten bost gizonak. Epaileek ez zuten indarkeriarik ikusi eta hortaz ez zuten bortxaketarik sumatu gertakari haietan. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zieten abusutzat jotako gertaera haiengatik, beraz.