Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Txostenak datu batzuk utzi ditu mahai gainean. Nafarroan egunero hiru salaketa jarri direla indarkeria matxistagatik, adibidez. Iaz, orotara 1.271 salaketa erregistratu ziren eta epaitegietara iristen direnen artean bost kasuren artean lautan kondena egoten da.
Salaketa jarri dutenen artean, Espainian jaiotako emakumeak izan dira hirutik bi. Jarritako salaketa, euren bikoteen edo gertuko gizonezkoren baten aurkakoa izan da kasuen %82an, eta bakarrik, kasuen %10ean izan da ezezagun batek eragindako indarkeria. Nafarroako Gobernuak emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko baliabideak eta neurriak hartzen segitzen duela nabarmendu du Ana Ollo kontseilariak.
Baliabideak gehituz eta herrialde osora zabalduz
Harrera baliabidearen bidez 115 emakumeri eman zaie arreta, arlo sikosozialean %60 hazi da artatutakoen kopurua eta emakumezkoen salerosketa mafietan sartuta daudenak ere laguntzen ari dira, kasu honetan, itxaropen gune izeneko entitatearekin elkarlanean.
Nafarroa osora hedatu dira Emakumeenganako Indarkeriaren Arreta Zentroak eta horrek ahalbidetu du orain arte halako zerbitzurik ez zuten emakumeak gerturatzea, Tuteran, Tafallaldean eta Lizarran batez ere. Sentsibilizazio, kontzientziazio eta ikusgaitasuna ematen ere segituko dute kanpaina espezifikoen bidez.